Ezagutzen al dituzu Oiartzungo Panterak?

Doinu dantzagarriak, Oiartzungo hizkera eta sorgin-hizkuntza ere topatuko dituzu euren kantuetan.

Ziur asko Oiartzungo Panterak taldearen kantuak eta dantzak entzun eta ikusteko aukera izan duzu TikTok-en. Oiartzungo lagun kuadrilla batek osatzen du taldea, baina une honetan hiru dira, batez ere, proiektuari heldu diotenak: Irati Muñoz, dantzaria eta aktorea; Ainhoa Txapartegi, irakaslea; eta Irati Matelo, gizarte hezitzailea.

Hiru kanta kaleratu dituzte oraingoz, eta azaldu digutenez, oso modu organikoan sortu zen lehen abestia eta horixe izan zen taldearen abiapuntua. Urtarrilean kuadrillako baten etxean elkartu ziren bazkaltzeko, eta sofan eserita denbora-pasa zeudela, kantu bat egitea proposatu zuen batek. Letra bat idaztea pentsatu zuten, abesti baten eskema jarraituz, baina musikarekin pentsatu gabe. Egun osoa lagunaren katuaren atzetik ibili omen ziren eta Pakito izena jarri zioten. Hala, Pakito menditik jaisten zela irudikatu zuten, harremanak izatera, parranda gogoz, eta zirika sanoan aritzera. Hortik sortu zuten Pakito kantuaren letra.

Letra abesti formatuan entzuteko gogoa zutenez, adimen artifizialera jo zuten. "Nik gitarra jotzen dut, eta Irati Muñozek eta biok abestu egiten dugu, baina ez gara musikariak, musika barruan dugun arren. Hortaz, errazena eta azkarrena adimen artifizialarekin egitea da, horrek ematen baitigu emaitzarik onena", azaldu digu Irati Matelo taldeko kideak.

Lehen abestia eta azkena adimen artifizialaren bidez egin dute, baina bigarrenean soinu jakin bat bilatzen zuten, eta adimen artifizialak zer behar zuten ulertzen ez zuenez, kideetako baten osaba batengana jo zuten eta hark egin zien basea kontrabaxua erabilita. Ondoren, eurek beste instrumentu batzuk sartu zizkieten, teklatua erabiliz. 

Abestiek doinu dantzagarriak dituzte eta parrandarako aproposak. Mateloren hitzetan, "lehen letrak doinu latinoagoa eskatzen zuen, reggaetoia edo halako zeozer. Pakito atera zenean, guk jendea parranda giroan entzuten ikusten genuen gustura, jendeak hala gozatzen zuen. Bigarrena parentesia izan zen, baina hirugarrena sortu dugunean, doinu dantzagarriak bilatu ditugu. Uste dut jendeak entzutea gustatuko litzaiokeena sortzen duela, eta gure kasuan ere hala izan dela esango nuke". 

Oiartzungo hizkera eta izaera
Letrak idazterakoan herriko hizkera erabiltzen dute, eta modu naturalean hala ateratzen zaiela argitu dute, baina, aldi berean, hautua ere badela: "Behin Pakito aterata, herriko jendeak abesti gehiago sortzeko eskatu zigun. Herriko kontu bat izanda, oiartzueraz idazten jarraitu genuen, guretzat erosoena zelako. Horretaz gain, ikusten genuen Oiartzunen musika asko egiten dela, emakume batzuk ere badaude taldeetan, baina emakume talde batek egindako musika ez genuen topatzen. Horregatik erabaki genuen taldea sortu eta oiartzueraz aritzea. Bengo entzuten dugu, hark ere bertako hizkeran egiten du eta guretzat oso gertukoa da hala egitea. Errazena da guretzat eta, gainera, hori transmititu nahi dugu".

Bertako inauteriekin loturiko kantua ere badute, Hepeldupu Dipilapa izenekoa, eta kantua entzuten duenak hizkera berezia entzungo du: "Sorgin-hizkuntzan idatzi genuen. Oiartzungo inauterietan pertsonaia desberdinak daude eta sorginek zapo-hizkuntzan edo sorgin-hizkuntzan hitz egiten dute, eta pentsatu genuen ez zegoela hizkuntza horretan idatzitako abestirik eta guk egin behar genuela". 

Kantu gehiago edo zuzenekorik etorkizunean?
Irati Matelo taldekideak adierazi duenez, gozatzen duten bitartean, kantuak sortzen jarraituko dute: "Gehiago ere etorriko direla iruditzen zait, gu gogotsu gaudelako eta ongi pasatzen dugulako honekin. Jendeari gustatzen zaio, eta herriko gaztetxoek euskarazko abestiak entzutea eta herriko erreferenteak izatea garrantzitsua iruditzen zaigu. Ez dugu ideiarik buruan, baina aspertu arte edo gustura ez gauden arte segituko dugu".

Oiartzungo Kastro Berri tabernan jarri zuten lehen aldiz Pakito abestia, eta zuzenekoen inguruan galdetuta, hauxe erantzun digu oiartzuarrak: "Galdetu izan digute ea ez al dugun kontzerturik eman behar, baina ez daukagu ezer lotuta. Zoragarria litzateke jendeari ondo pasarazteko tarte bat eskaini ahal izatea. Gu gogotsu gaude, eta herria eta herritarrak ere bai dirudienez".