Ezagutzen dituzu Ameriketako Estatu Batuetan debekatu dituzten liburuak?
Ziurrenik liburu bat baino gehiago ezaguna egingo zaizu, eta irakurtzeko aukera ez duzu galduko
Ameriketako Estatu Batuetako eskola eta liburutegi publikoetan liburu ezberdinak debekatzen dituzten lehen aldia ez da, baina azken aldian berriz ere indarra hartu duen neurria da. Arraza-aniztasunaren, genero aniztasunaren, eta sexualitatearen inguruan hitz egiten duten liburuak debekatu dituzte liburutegi eta eskola publiko ezberdinetan. Baina harrigarria zera da, debekatu dituzten liburu askok kritika eta hausnarketa sakona izateaz gain, best seller liburuak direla, hau da, mundu mailan ezagunak diren liburuak. Hona hemen debekatu dituzten hainbat liburu:
Normal People
Sally Rooney idazlearen liburua da eta Florida eta Hego Karolinan izan da debekatua. Bi irlandar gazteren maitasun istorioa kontatzen du, maitasunaren zailtasunen, klase sozialen eta identitate pertsonalaren inguruan hitz egiten du. Sexualitate irekiaren inguruko ikuspegia eskaintzen du liburuak, eta pertsonen arteko harreman ezberdinak aipatzen ditu. Horregatik izan da zentsuratua. Euskal Herrian irakurtzeko aukera dugu eta euskaraz ere bai, beraz, ez galdu aukera! Jende normala izena du euskaraz, Alberdania argitaletxearen eskutik.
The Handmaid’s Tale
Margaret Atwooden liburua oso ezaguna da, eta gainera, liburuan oinarritutako telesailak sekulako arrakasta lortu du. Eleberria sistema totalitario batean murgitzen da, non emakumeek beraien eskubide guztiak galtzen dituzten eta ugalketarako bakarrik diren erabiliak. Eskola batzuetan debekatu dute eduki sexualagatik eta ikasleak deseroso jartzen dituelako. Baina liburuak egiten dituen hausnarketak eta kritikak sekulakoak dira. Apirilaren 8an telesailaren azken denboraldia estreinatu zen, beraz, ikusteko aukera ere baduzu.
Cometas en el Cielo
Khaled Hosseini idazlearen liburua Afganistanen kokatzen da. Laguntasunaren eta erbestearen inguruan doa istorioa. Pertsonaia nagusiak bere iraganeko mamuei aurre egin beharko die. Eduki bortitzagatik eta sexu-abusuei egiten dizkion erreferentziengatik zentsuratu dute. Eleberri horretan oinarritutako pelikula eta eleberri grafikoa ere bai badira.
Ojos azules
Toni Morrisonen liburua 1970ean argitaratu zen. Neskato afro-amerikar baten istorioa kontatzen du, gizartean onartua izateko begi urdinak izatearekin amesten du. Hizkera esplizituagatik eta haurren abusuen irudikapen gordinagatik izan da debekatua.
Ameriketako Estatu Batuez gain, bada hainbat liburu debekatu nahi dituen beste herrialde bat: Argentina. Mileiek literatura feminista debekatu nahi du, genero-indarkeriaren, abusu sexualen eta queer komunitatearen inguruan hitz egiten duten liburuak zentsuratu nahi baititu. Gaur liburuaren eguna izanda, aproposa iruditu zaigu liburuak irakurtzearen garrantzia gogora ekartzea, izan ere, iritzia sortzeko, gizarteaz hausnartzeko edo gure burua ezagutzeko ikaragarrizko gaitasuna baitute liburuek eta horiek debekatzea adierazpen askatasunaren mugen adierazle da. Aldarrika dezagun askatasuna Liburuaren Nazioarteko Egunean.