Ezagutzen duzu 13 egunez erakusleiho batean giltzaperatu den artista?

Xavibo azken asteetan, Madrilgo erakusleiho batean giltzaperatu den musikari mallorcarra da. Apirilaren 2an giltzaperatu zen eta 13 egunetako 24 ordu erakuslehio izan duen etxe baten barruan igaro ditu. Bertatik igarotzen zen pertsona orok bera begiratu zezaken, bere 13 egunetako gela ikus zezaken. Ikuslegoaren paperetik, baina bere bizitzaren parte izan da bertatik igaro den oro. Bere gelan, etxeko arroparekin, ohean etzanda, eta bakarrik egon da egun horietan. Zergatik? Bakarrik egoten ikasteko.
Noski, ekintza horrek zeresana eman du eta polemika piztu du ere bai. Jende askoren iritziz ekintza arreta erakartzeko saiakera bat besterik ez da izan. Izan ere, Xavibo musikariak marketing estrategia ezberdinak eta ohikoak ez direnak erabili izan baititu aurretiaz: bere burua burbuila paperarekin bildu eta kaletik ibiltzea, gabonetan Bizazuriz mozorrotu eta metroan doan jendea zoriontzea edo San Valentin egunean ihesi doan ezkongaiaren antzerkia egitea. Bestalde, gauza batek bestea kentzen ez duela iritzi duenik ere bada. Marketing estrategia bat bada ere, 13 egunez giltzaperatze horrek arte ikuspegia izan baitezake.
Sare sozialetara, egunero, 13 egunetan, hausnarketa ezberdinak igo ditu. Bigarren egunean nekearen inguruan idatzi zuen, denbora guztian begiratua izatearen nekearen inguruan. Asperdura eta bakardadearen inguruan ere hausnartu zuen beste egun batean, eta ez ikusiarena egitearen beharraz ere bai, kanpoan gertatzen zenari jaramonik ez egiteko. Estresa ere sortu zitzaiola aipatu zuen eta pazientzia eta meditazioa ondo aplikatzen ikasi behar izan zituela. 12. egunean, abesti baten izenburua aipatu zuen bere eguneroko hausnarketaren amaieran. Eta 13. egunean abesti berri bat argitaratuko zuela aipatu zuen. Hau da, 13. egunean bere disko berria argitaratu baino lehen entzungai izango den azken kantua zabaldu zuen.
Ez da gauza berria
Erakusleiho batean artista bat giltzaperatu den lehen aldia ez da Xaviboren kasua. Eta noski, horrek ere polemika piztu du. Andrea Roma artista, 2023 amaieran, aste betez, Barcelonako erakusleiho batean giltzaperatu zen. Bai, gauza berbera egin du Xavibok bi urte beranduago.
Romak lo, jan eta bere egunerokoa erakusleihoan bizitzen zuen, hortik igarotzen zen jendearen begiradarekin batera. Me dejo de mí izena jarri zion performanceari. Proiektuak voyeur jarrera izatera gonbidatzen zuen ikuslegoa, baina gainera, hausnartzera bultzatzen zuen. Zure gelako intimitatetik kanpo, zer bihurtzen zaren hausnartzera. Orduan, Xavibo musikariak plagioa egin duela esan daiteke? Edo omenaldia edo jarraipena egin dio Romaren arte-lanari?