Ezagutzen duzu “Brain Rot” kontzeptua?

Ezagutzen duzu “Brain Rot” kontzeptua? Kontzeptua euskaratuko bagenu, “garun ustel” deituko litzateke eta Interneten kontsumitzen den kalitate baxuko edukiekin du lotura zuzena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezagutzen-duzu-201cbrain-rot201d-kontzeptua/@@download/image/pexels-kampus-7414095.jpg
2025/04/07

Testua: Araitz Uria Lizarra

Kontzeptua euskaratuko bagenu, “garun ustel” deituko litzateke eta Interneten kontsumitzen den kalitate baxuko edukiekin du lotura zuzena.
Ezagutzen duzu “Brain Rot” kontzeptua?

Interneten kontsumitzen den kalitate baxuko edukiek, gaitasun kognitibo eta emozionalak hondatzen dituzte, eta horixe esan nahi du Brain Rot kontzeptuak. Oxford Unibertsitateak urteko hitzik erabiliena zein izan den jakiteko urte amaieran ikerketa bat egiten du. Bada, 2024ko hitzik erabiliena Brain Rot izan zela ondorioztatu zuten. Agian kontzeptua behin baino gehiagotan entzun duzu. Oxford Unibertsitateak honela definitzen du: eduki digital hutsalen edo ez oso estimulatzaileen gehiegizko kontsumoagatik adimen-ahalmenak hondatzea.

Gaur egungo pertsona askoren errealitatea islatzen du. Seguruenik, zurea ere bai. Izan ere, denok pasatzen ditugu orduak sare sozialetan scroll egiten, interesatzen ez zaizkigun mila eduki ikusten. Halako batean zerbait interesgarria ikusiko duzu, baina hori gertatzeko, beste hamaika eduki kontsumituko dituzu. Konturatzen zarenerako, orduak daramatzazu scroll egiten eta ekarpenik egiten ez dizuten eduki zentzugabeak ikusten… Eta gainera, garuna usteltzen ari zaizu! Egoera horri egiten dio erreferentzia Brain Rot-ek.

 

Joera berria

Baina gainera, hori guztiarekin erabat lotuta dagoen joera bat ari da zabaltzen gazteen artean. Sare sozialetako edukien etengabeko kontsumoak arreta mantentzeko gaitasuna murrizten du. Ondorioz, ikasle askok klaseko edukiak barneratzeko zailtasunak dituzte. Eta horregatik, apunteak TikTokak bihurtzen dituen aplikazioa sortu dute. Eta, noski, aplikazioa birala bihurtu da sare sozialetan, ikasle askok erabiltzen dutelako. 

Baina nola funtzionatzen du aplikazioak? Bada, bertan sartzerakoan, honako hau agertzen da: “Eduki biral bilakatu PDF aspergarriak.” Behin, apunteak aplikaziora gehituta, TikTokeko bideo bat sortzen dizu. Bideoak PDFak dioena kontatzen du, baina atzeko irudietan Mario Kart jolasaren lasterketa bat jarrita, edo Minecraft Parkour-eko irudiak, edo Subway Surfers-ekoak…   

Beraz, zure garuna kaotiko nabari baduzu, arreta mantentzea gehiago kostatzen bazaizu, eta ez baduzu ondo deskantsatzen, bai, Brain Rot pairatzen duzu. Eta gainera, oraindik, luzaroan izan dezaken eragina ez da ezagutzen, ikusteke dago. Beraz, etorkizunean kalteak oraindik eta nabarmenagoak izan daitezke.