Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean

Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean Europan, Amerikan eta Asian ibiliko da, eta ekainaren 14an Donostian emango du kontzertua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fermin-muguruzak-nazioarteko-bira-egingo-du-2025ean/@@download/image/fermin.png
2024/06/21
Europan, Amerikan eta Asian ibiliko da, eta ekainaren 14an Donostian emango du kontzertua.
Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean

Fermin Muguruzak nazioarteko bira prestatu du bere ibilbidearen 40.urteurrenaren aitzakian. Hain justu, berrogei urte igaro berri dira, ekainaren 20an, Kortaturen lehen maketa atera zenetik. Abenduaren 20an eta 21ean Bilbon emango dituen kontzertuetarako sarrerak ziztu bizian saldu zituen, eta orain kontzertu-sorta iragarri du datorren urterako. 

Artistak nabarmendu duenez, ekitaldi horiek "kontzertu soil bat baino gehiago" izango dira, "musika adierazteko eta gizartea aldatzeko tresna gisa erabiltzeko balioko baitute".  Kontzertu hauek "zentsuraren eta eskuin muturraren erasoen aurkako ospakizun" bihurtzea nahi duela adierazi du. Publikoak berrogei urteko ibilbideko hainbat abesti gogoangarriz gozatu ahal izango du.

Bira Tenerifen hasiko du, urtarrilaren 18an, eta urtarrilaren 24an Bartzelonako Palau Sant Jordin joko du Muguruzak. Hurrengo hitzordua otsailaren 15ean izango da, Madrilgo Wizink Center-en.

Honako toki hauetan ere emango ditu kontzertuak: Galiziako Santiagon (martxoak 15), Parisen (martxoak 21), Bordelen (martxoak 22), Frantziako Tolosan (martxoak 28), Marseillan (martxoak 29), Zurichen (apirilak 12), Berlinen (maiatzak 16), Txileko Santiagon (maiatzak 20), Buenos Airesen (maiatzak 24), Bogotan (maiatzak 28), Mexikon (maiatzak 31) eta Erroman (ekainak 7)

Ekainaren 14an, Fermin Muguruzak Donostiako Reale Arena estadioan joko du. Ondoren, Tokyora joko du, uztailaren 23an eta, azkenik, amaierako kontzertua emango du urriaren 4an, oraindik jakinarazi gabeko tokian.

Donostiarako sarrerak igande honetan jarriko dira salgai, goizeko 9:00etan, bere webgunean. Gainerako emanaldietarako sarrerak ekainaren 25ean eskuratu ahal izango dira, 9:00etatik aurrera.