Finlandian albiste faltsuak identifikatzen irakasten diete ikasleei

Eskolako irakasgaien barruan garatzen dute nerabeek informazioa aztertzeko gaitasuna.

Gero eta informazio gehiago iristen zaigu mugikorraren bidez, batez ere sare sozialetan. Eta sare sozial batzuek albiste faltsuak identifikatu eta baztertzeko protokoloak bertan behera utzi dituzte azkenaldian, iruzkin soilak eginez. Beraz, gero eta zailagoa da benetako informazioa eta faltsua bereiztea.

Finlandian garrantzia ematen diote bertako gaztetxoek jasotzen duten informazioa irizpide kritikoz aztertzeko gaitasuna lantzeari eta ikasleak komunikabideetako informazioan alfabetatzen dituzte. Euren kabuz pentsatzeko tresnak ematea da asmoa.

Horretarako, ikasgeletan hausnarketarako tartea hartzen dute. Albiste edo artikuluak irakurri eta hainbat galderaren inguruan aritzen dira: Zein da artikuluaren helburua? Noiz eta nola idatzi zen? Zeintzuk dira egilearen baieztapen nagusiak?...

Halakoez gain, ikus-entzunezkoetara ere jotzen dute. Esaterako, TikTok-eko hiru bideo hartu eta gogoeta egiten dute egileen motibazioez edo bideoek eurengan izan duten eraginez. Euren bideoak eta argazkiak editatzeko ariketak ere egiten dituzte, irudiak manipulatzea zein erraza den jabetzeko. 

Open Society Institute-k egindako inkesta baten arabera, desiformazioaren aurkako erresilientzian lehen postuan daude finlandiarrak. Espainia eta Frantziako Estatuak 16. eta 17.postuan daude.