Gabonetako otorduen soberakinak aprobetxatzen ikasteko sukaldaritza saioa egingo dute Gasteizen
Aprobetxamendu-menu bat prestatuko dute elikagaien xahuketa murrizteko eta hondakin organikoa ongi bereiztera animatzeko.
Gasteizko Udalak show cooking saioa antolatu du gaurko, Abastos Merkatuko Sukaldaritza Gelan. "Merkatariak, ostalariak eta herritarrak erosketa eta otordu jasangarriak egiteko, elikagaien xahuketa prebenitzeko eta hondakin organikoa behar bezala bereizteko premiari buruz kontzientziatzeko” helburua du.
Unai Fernandez de Retana eta Ainhoa Gonzalez sukaldariak izango dira gidari. Platerak prestatzen dituzten bitartean, hondakinekin, latekin, kartoiekin, beirarekin eta, batez ere, materia organikoarekin zer egin daitekeen azaltzeko aholkuak emango dituzte.
Sukaldaritza eta jasangarritasun saioa materia organikoaren bilketa handitzen jarraitzeko hauspoa izatea nahi dute. Udalak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan % 30etik gora igo da bilketa hirian.
Hogei herritarrek soilik parte hartuko dute bertan, baina grabatu egingo dute saioa eta Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da abenduaren 20tik aurrera.