Gaitasun kognitiboa eta memoria %226an hobetzen duten usainak aurkitu dira
Gauero lurrin horiek bi orduz usaintzen dituztenek, sei hilabetez, memoria modu esanguratsuan hobetzen zaie. Neurozientzialariek burututako ikerketan, parte-hartzaileek euren gaitasun kognitiboen eta memoriaren %226ko hobekuntza sumatu zuten kontrol taldearekin alderatuz.
Kalifornia unibertsitateko ikertzaileek aurkitu dute usaimena eta memoriaren arteko lotura. Horretarako teknika sinplea eta ez inbaditzailea erabili zuten, memoria indartu eta dementzia potentzialki aldentzeko.
Parte-hartzaile bakoitzari difusore bat eta sei kartutxo eman zitzaizkien. Horietako bakoitzak olio natural bakar eta ezberdin bat zuen. Aberastutako taldeko pertsonek kartutxo erabat ahaltsuak jaso zituzten. Kontrol taldekoek, berriz, olio naturala kopuru txikian eman zitzaien. Parte-hartzaileek gauero, lotara joan aurretik, difusorean kartutxo ezberdin bat jarri zuten eta lotan zeuden bitartean, bi orduz, hauek aktibatu egin ziren.
Aberastutako taldeak euren gaitasun kognitiboen igoera sumatu zuen %226an kontrol taldearekin aldaratuz. Horretarako, memoria ebaluatzeko erabili ohi den hitzen proba bat egin zieten bi taldeei. Lehen taldekoek informatu zutenaren arabera, gainera, askoz sakonago egin zuten lo.
Ikertzaileek aurkitu dutenaren arabera, dementzia moderatua pairatzen duten pertsonak, egunean bi aldiz, 40 usain ezberdin usaintzen badituzte, denbora batez, euren oroitzapenak, hizkuntza gaitasuna eta usaimen gaitasunak hobetuko dituzte, eta depresioa ere arinduko zaie.
Ikerketako parte-hartzaileei lotarakoan difusorea pizteko eskatu zitzaien eta bi orduz, kartutxoko usaina airera zabaltzeko. Usain ezberdinak jarri zituzten gauero. Kontrol taldekoek ere berdina egin zuten, baina ura zuten kartutxoak ziren, usain apur batekin. Modu honetan jarraitu zuten bi taldeek sei hilabetez.
Ikerketako emaitzak dementziaren aurkako tresna moduan erabili litezkeela adierazi dute ikertzaileek. "Lotan daudela usainak esperimentatzen dituztenez, ariketa hau egiteko behar litzatekeen denbora aurreztu dugu" azaldu du Cynthia Woo-k, ikerketaren lehen autoreak.
Ikertzaileek baieztatzen dute emaitzak esanguratsuak direla eta lotura dagoela usaimena eta memoriaren artean.