GAIZKA IZAGIRREREN TELESAIL GOMENDIOA: 'LA FIÈVRE'
Telesail zalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkeneko telesailei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
'LA FIÈVRE' ⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Eric Benzekri
6 atal
Movistar +
UNFPren sari banaketan, “toubab zikina!”– ‘toubab’ hitzak woloferaz ‘zuria’ esan nahi du eta konnotazio gutxiesgarria du- oihukatzen duen aldi berean, futbol talde bateko izarrak (beltza da) burukada bat emango dio bere entrenatzaileari (zuria da). Nahiz eta istilua, berez, inolako konnotazio arrazistarik gabeko gaizki-ulertu batetik sortu den, gertakari horren bideoa izugarri zabalduko da eta sareak sutan jarriko ditu. Telesail honek, Frantziako gizonezkoen futboleko eskandalu baten aitzakiaz, eskuin muturreko hedabideek eta sare sozialek gorrotoa pizteko eta sortzeko polemikak nola zabaltzen dituzten erakusten du. Politikariek, masak mugiarazteko helburuz, narratiba nola manipulatzen duten eta horrek gizarte-kohesioari nola eragiten dion ere aztertzen du; futbola, polarizazio politikoa, fanatismoa, arrazakeria, albiste faltsuak, sare sozialak... bizi garen munduaren erakusgarri da.
Onena: Oso sinesgarria dela.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Heimebane (Arild Andresen, 2018).