'Game Of Thrones' 7x1: Dragonstone

'Game Of Thrones' 7x1: Dragonstone Astero, 'Game Of Thrones' telesailaren zazpigarren denboraldiaren errepaso txikia eskainiko digu Ane Urrutikoetxeak; hona hemen 'Dragonstone' lehen kapituluak eskaini diguna! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/game-of-thrones-7x1-dragonstone/@@download/image/HT-game-thrones-season-7-jef-170707_12x5_1600.jpg
2017/07/18
erreportajea

Ane Urrutikoetxea

Astero, 'Game Of Thrones' telesailaren zazpigarren denboraldiaren errepaso txikia eskainiko digu Ane Urrutikoetxeak; hona hemen 'Dragonstone' lehen kapituluak eskaini diguna!
'Game Of Thrones' 7x1: Dragonstone

[SPOILER: Kapitulua ikusi ez baduzu, hobe irakurtzeari uzten badiozu]

 

Urtebeteko itxaronaldiaren ondoren, azkenik aukera izan dugu HBOren Game Of Thrones telesail arrakastatsuaren zazpigarren denboraldian murgiltzeko. Atzo aireratu zuen kateak denboraldi berriko lehen kapitulua, Dragonstone bezala batailatutakoa. Eta bai, Zumaia-Gaztelugatxe eder eta garbi ikusteko aukera ere, eskeini ziguten.

Denbora izoztu balitz bezala, seigarren denboraldiko amaiera puntu berdinean hasi da zazpigarrena, eta zelako sustoa Walder Frey bizirik ikustean! Segituan ikusiko dugu ordea Arya hiltzaile txikia, hobekien egiten dakiena eginez, familia osoa akatzen. Aurpegi aldaketa horiek joko asko emango dio istorioari, ziur!

Denboraldi honetan oraindik ere serioago ikusi dugu Jon Snow.

Aireratu bezain laster askok komentatu dute ez zela kapitulu indartsua izan, nahiko 'leuna' baizik; gaizki ohitu gaitu George R. Martinek sortutako mundu odolzaleak, kapitulu bakarrean ehun bat Frey hiltzen direla kontuan hartuta. Dagoeneko halako eszenek ez gaituzte kikiltzen, dirudienez!

Apur bat lekuz kanpo egon diren elementu apur batzuk kenduta, telesailaren erritmoari egokitutako kapitulua izan da dudarik gabe; asko gustatzen baitzaie HBOko gidoilariei asperdura puntu batekin hasi, eta in crecendo joanez, sekulako amaiera epikoa oparitzen amaitzea. Eta denboraldi honek bide hori jarraituko omen du, azken kapitulua film baten luzera izango baitu. Dena den, nahiko barregarri dago Ed Sheeran abeslaria Lannisterren soldatutxoz mozorrotuta; istorioari errealismoa kentzen dio baso ilunean pop abestiak kantatzen doan morroi batekin topatzeak!


Hiltzaile bati irribarrea nola ateratzen badaki Ed Sheeranek!

Eta zer gehiago ikusi dugu lehen kapitulu honetan? Xake partida baten moduan, pertsonaia bakoitzak bere postua hartu du, azken guda handirako prestatzen ariko balira bezala. Hemendik aurrera, gidoiak ez ditu amaierarik gabeko bideak hartuko; jokoan jarraitzen duen pertsonaia bakoitzak rol garrantzitsu bat beteko du, onerako ala txarrerako.

Ondo dakigu istorio honetan ez dagoela onak vs. gaiztoak gudarik; batzuk hobeak dira, besteak okerragoak, baina pertsonaia  guztiek dituzte argi-ilunak. Benetako gaiztoak harresiaz bestalde mantso baina etengabe hurbiltzen doazen ibiltari zuriak dira, Gaueko Erregea buru dutela, eta sekulako zonbi-armadarekin. Jakina da zonbiak mantsoak direla, baina... nolatan kostatzen zaie horrenbeste iristea??

Ibiltari zuriak eta zonbiak patxadaz doaz, presarik gabe.

 

Gauzak horrela, hau da xake partidan bakoitzak duen postua:

Iparraldeko Errege bihurturik, Jon Snow indartsu hasi da. Bere arreba Sansaren gainetik iparraldeko gerlarien babesa duela erakutsi du, baina Sansak ondo ohartarazi dio bere aita eta anaia baino azkarragoa izan behar duela, eta ez soilik bidezkoena dena egitera mugatu. Littlefinger han dabil atzaparrak sartu nahian, baina badirudi Sansak aurrea hartu diola. Iparraldean ikusi ditugu ere Brienne leiala, Podrick, eta beste parajetan, Zakurra, suaren adoratzaileekin bat eginik. Azkenik, harresia gurutzatzea lortu du Bran gazteak, Meera lagunarekin.

Kontuz Littlefinger, Sansak atzaparrak aterako baititu!

 

Amodio istoriorik politena!

 

Azkenik, harresia! Meera gizajoa!

Kingslanding hiriburuan Cersei Zazpi Erreinuetako erregina bihurturik dugu, eta ospatzeko, bere lur zabalen mapa batean pasiatzen ikusi dugu, beti eskuetan duen ardo koparekin. Haren anaia Jaimek ordea segituan gogorarazi dio bakarrik daudela, eta bakardadean gobernatzea ezinezkoa dela; Cerseik badu plan bat, eta plan hori Euron Greyjoy da, edo hobeto esanda, harekin ezkontzea. Jaun-andreak, hona hemen denboraldi berriko super-gaizkilea!

Jaimeri ez zaio Cerseiren senar berrirako hautagaia gustatu...

Eta ez da harritzekoa!! Adi, gaizkile berria dugu eta!

Sam gaixoak pena handia emango dizue; ikasten ibili beharrean, koitadua pixontziak husten eta gauza okerragotan amaitu baitu. Dena den, aurkikuntza garrantzitsua egin du liburu artean, Dragonstonerekin erabat lotuta dagoena.

 

Sam gizajoak ez du munduko lanik onena topatu...

Eta bertara iritsi da, hain zuzen, Dragoi Erregina; telesailak une ederra oparitu digu, Zumaia eder azaltzen baita Daenerysen lurreratzean. Erreginak bere jaiotetxea den hondartzako hondarra esku-artean hartzean, ezin zirrara puntu bat sentitzeari eutsi! Harrizko dragoiekin edertutako atetzarrak ireki, eta Gaztelugatxeko eskailerekin batera gaztelutzar erraldoia azaltzean ere, zelako irudia! Espero dezagun datozen kapituluetan ere, halako irudi gehiago ikustea. Datorren astera arte itxaron beharko dugu!

 

Une hau...


eta hau!

 

GAME OF THRONES telesailaren jarraitzailea zara?

Komentatu kapituluak Twitterren @aneurruti-rekin!