'GAME OF THRONES' 7X3: 'THE QUEEN'S JUSTICE'
[SPOILER: Kapitulua ikusi ez baduzu, hobe irakurtzeari uzten badiozu]
Erabat borobila izan da Game Of Thrones telesailaren hirugarren kapitulua, The Queen's Justice. Gauza asko ikusi ditugu, luzaroan desiatutako uneak, eszena gogoangarriak eta ezusteko ederrak. Izotza eta Suaren arteko lehen aurrez aurrekoa, gerra, paisaiak...
Itzurun! Bertan egoteko gogoa ematen du, ezta?
Kapitulu hau baita, azkenik, gure kostaldean errodatutako eszena famatuak erakusten dituena. 20 minutuz, Gaztelugatxe eta Zumaia bat eginik ikusi ditugu, eta zirrarari ezin eutsirik, sumatu ditugu dragoiak buruen gainetik hegaka.
Jon eta Tyrion berriro elkarrekin, flysch artean.
Gogoratuko duzuenez, Iparraldeko jauntxoen gomendioei entzungor eginez, Jon Snow Sir Davosekin Dragonstonera joatea erabaki zuen, Daenerys bisitatzera (eta ibiltari zuriei aurre egiteko behar duten dragonglass preziatua eskatzera). Hala, luze esperotako aurrez aurrekoa ikustera iritsi gara: Jon eta Daenerys, azkenik gela berean! Bilera, baina, ez da oso lagunkoia izango; gorroto eta hilketa gehiegi daramazkite gainean beren arbasoek, eta tentsioa segituan nabarituko da. Bi burugogor dira, hori argi dago; denoi ematen digu oihukatzeko gogoa, lagunak izan behar duzue, senideak zarete oraindik ez dakizuen arren!!
Daenerys Ekaitzekoa, Targaryen etxekoa, bere izeneko lehena, Dragoien ama, su hartzen ez duena, bla, bla bla....
Aupa, ni Jon.
Gogora dezagun Jon Snow ez dela egiatan sasikoa; bere ama Lianna Stark zen, eta aita Rhaegar Targaryen, Daenerysen anaia zaharra. Beraz, bera da benetan tronurako hautagai bidezkoena, eta horren abizen luzeak dituen Dragoi Erreginaren iloba da. Bereziki esanguratsua den eszena batean, Rhaegal dragoia (bere benetako aitaren omenez du izen hori) buru gainetik pasako zaio, hain justu, bera ez dela Stark bat esaten hari den momentuan; laster jakingo ote du bere benetako jatorria?
Zer egin Dragoi bat buru gainetik pasatzean kaka egiten badizu?
Askoz lagunkoiagoa da Tyrion Lannister (abizena aldatu beharko du noizbait) eta Jonen arteko elkarrizketa. Bi horiek ondo ulertzen dute elkar, eta Tyrionek, Jon bere aita-osaba Ned Starken izakera zurrun eta burukoia duela ikusita, bere laguntza eskainiko dio. Baina Tyrion ez da uste genuen bezain abila gerrarako; denboraldiaren hasieran Daenerysek guda irabazia zuela uste bagenuen, hirugarren kapituluan beste ipurdiko bat emango die Cerseik, Euron piratari eta Jaime anaiari esker. Tronuen jokoan zintzo jokatzeak ez zaitu irabazle egiten, eta hori ezin hobeto daki Cerseik.
Kapitulu honetan gure kostaz luze gozatzeko aukera izan dugu!
-Jon: "Ez dut nire iritzia aldatuko".
-Danny: "Nik ere ez. Hartu zure kristala eta ospa!"
Flota erdia galduta, Tyrionentzat oso preziatua den Casterly Rock bere familiaren jauregia inbaditzea zen Dragoi Erreginaren plana, eta halaxe egingo dute bere soldaudek; baina Cerseik berriz ere hartuko die aurrea, eta gelditzen zitzaien flota suntsituz (nolatan mugitzen da Euron Greyjoy horren azkar itsasoan?), bere anaia Jaimek Tyrell etxea hartuko du bere gain. Bertan, Olenna Tyrell akabatuta ikusiko dugu, baina ez da hilko borrokatu gabe; zelako estiloa duen emakume horrek!!
"Esaiozu Cerseyri nik hil nuela zuen semea"
Hain zuzen, kapitulu honetako momentu ikaragarrienetako bat oparitu digu Cerseik; bere alaba hil zuen Ellaria Sand preso hartu ondoren, mendeku perfektua eskainiko dio, Ellariaren alaba Mircella hil zuten modu berean akatuz, bere amaren aurrean, begiratzera behartuz. Olennak Jaimeri esango dion moduan, munstro bat da Cersei, baina zertan dabilen ondotxo dakien munstroa da... eta itsasoetako beste munstro bat du bere alboan, Euron Greyjoy. Onartu beharra dago, telesaileko gaizkile berria ezin dugula gorrotatu... bere xarma du!
-Euron: "Zer gustatzen zaio zure arrebari ohean?" -Jaime: "...."
Mendekuak ederki berotzen du Cersei!
Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi Stark familiara etorritako kide berria. Winterfellera iritsi da azkenik Bran, eta Sansak pozik besarkatu arren, segituan konturatu da bere anaia ez dela berdina. Orain, hiru begiko belea da, eta ia ez du gizakia ematen, burua beste mila tokitan baitu. Kontatuko ote dio nor den benetan beren anaia Jon? Eta noiz iritsiko da Arya? Hurrengo kapitulua iritsi bitarte itxaron beharko dugu!
GAME OF THRONES telesailaren jarraitzailea zara?
Komentatu kapituluak Twitterren @aneurruti-rekin!