Gure kolaboratzaile Gartxot Unsainek irabazi du Zaitegi Saria

Bob Dylanen ehun kanta euskaratuko ditu, Nobel saridunak euskaratzeko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketako sariari esker

Gartxot Unsain donostiarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki dute Maialen Berasategik, Iñigo Roquek eta Jon Basagurenek osaturiko epaimahaiak. Usainek, Bob Dylan kantagile eta Nobel saridunaren ehun kanta euskaratu beharko ditu, eta 2017 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

 
GAZTEZULO aldizkarirako fitxatutako azken kolaboratzaileetako bat dugu Unsain. Bere ardurapean dago aisialdi planak biltzen dituen Norbere gogora atala, hilero argitaratzen duguna. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta bere pasio handiak bidaiatzea eta musika dira. Hainbat proiektutan ibili da, hala nola, John Berkhout, 2 Zaldi… Azken talde horretan ekin zion kanta anglosaxoien bertsioak egiteari, euskaraz, eta horrekin lotu du Dylan euskaratzeko asmoa. Epaimahaiak bereziki baloratu du jatorrizkoaren esanahia egoki jasotzeaz gain, musikaltasuna ere oso zainduta egotea.