Gatazkak kazetarien begiradatik, Gasteizen
Gerra-kazetari, fotokazetari, berriemaile eta gure garaiko gatazketan interesa duten herritarrek auzi ezberdinak ezagutu eta eztabaidatzeko aukera izango dute Gasteizko Udaleko Kultura Sailak urtero, aurten bosgarrenez, antolatzen duen ‘Kazetaritza bertatik bertara’ ekimenaren baitan.
Hitzaldi eta mahai-inguru gehienak (sarrera librea aretoa bete arte) Europa Jauregian izango dira 12:00etan eta 19:00etan. Besteak beste, Ekialde Hurbila, Afrikaren bihotza kolpatzen duen indarkeria, eta AEB nahiz Frantziako egoera sozio-politiko berria izango dira hizpide. Gasteizera hurbilduko diren profesionalen artean, Joseba Zalakain (gizarte gaietan espezialdua), Mikel Reparaz (EiTB-rako berriemeilea AEBetatik), Rocio Lopez argazkilari eta irakaslea, Ricardo García Vilanova argazkilari eta bideo-kazetaria, eta Alexandra Gil argazkilaria (yihadismoan espezialdua) dira azpimarragarriak.
Egitarauak argazki-erakusketa bat ere badakar: Judith Prat argazkilari aragoiarraren ‘Boko Haram, violencia en el corazón económico de África’ bilduma, hain zuzen, 2015–2016 bitarte egindako argazkiz osatua.
Beste proposamen interesgarri bat Bernardo Atxaga eta Anariren ‘Desertuko biztanleei buruz’ izeneko errezitaldi musikatua da. Basamortuari buruz ari diren prosa eta poesiak kantatuko dituzte. Irailaren 1ean izango da, 20:00etan.
Azkenik, Arabako Argazkilaritza Elkarteak ‘Street Photography’ tailerra antolatuko du irailaren 2an 9:00–14:00 bitarte.