Gaur abiatuko du ibilbide berria Plateruena Kultur Aterpeak

Plateruena itxi egin zen 2020 bukaeran, hura kudeatzen zuen kooperatiba desegin izanaren ondorioz. Hausnarketa prozesu batean murgilduta ibili dira ordutik, 2021ean parte-hartze prozesua jarri zuten martxan, eta gaur aurkeztuko du Plateruena Kultur Aterpeak bere ibilbide berria, Piztu Argiak! ekitaldiarekin.
Arratsaldeko zortzietan hasiko da Leire Vargas idazleak gidatuko duen ekitaldia eta hainbat artistak hartuko dute parte elkarlanean. Anari Alberdi musikari azkoitiarra Peru Magdalena idazle durangarrarekin arituko da, eta Ødei rap abeslaria, berriz, Aitor Bizkarra bertsolariarekin. Durangoko Mockers musika taldea, Garazi Abraldes dantzaria eta Durangoko Bertso Eskolako zein Bartolome Ertzilla Musika Eskolako ikasleak ere izango dira bertan, besteak beste.
Durangoko Udalak azaldu duenez, Piztu, Poztu, Puztu printzipioen gainean egingo du lan Plateruena Kultur Aterpeak. Proiektu berriaren gidaritza komunitarioa izate aldera, Durangoko elkarte, eragile eta norbanakoak ‘Kultur Mahaia’ izeneko plataforman biltzeko saioak egin dituzte azken asteetan. Besteak beste, Gerediaga Elkarteak, AEK-k, Jaizale Txistulari Elkarteak, Berbarok, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE), Durangaldeko Berbalagunek edota kulturgintzan interesa daukaten durangarrek osatuko dute Kultur Mahaia.
“Kultur Mahaiaren helburua Plateruena Kultur Aterpearen helburuak, lan lerroak eta ideiak lantzeko bilgunea bihurtzea izango da. Durangoko zein Euskal Herriko kulturgintzarako aterpe izango den proiektua eraiki nahi dugu, eta hor Durangoko eragileen beharra izango dugu”, adierazi du Maider Larrañaga Plateruenako koordinatzaile berriak.
Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea, eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea dute helburu.