Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldi Alternatiboa

'Bizkarsoro' filma emango dute gaur arratsaldean.

Gaur abiatuko da Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren hamaseigarren edizioa, 11+5, eta, ohiko moduan, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikulak emango dituzte, "pentsamendu kritikoa eta elkarlan aktiboa" sustatzeko asmoz. Hala, Donostiako mugimendu sozialekin elkarlanean antolatu dute egitaraua.

Edizio honetan bi gai edo errealitate nabarmenduko dituzte: “Lehenik eta behin, Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta Israelgo estatua egiten ari den genozidioa salatu nahi du jaialdiak. Horren froga da edizio honetarako prestatu dugun kartela. Urtero ‘jolasten’ dugu kartel ofizialarekin, eta, dakizuenez, aurten Cate Blanchett dugu protagonista. Bada, aktoreak Cannesko alfonbra gorrian Palestinari egin zion keinua baliatu eta txalotu nahi dugu", azaldu dute. Gai honi lotuta, Farha filma proiektatuko dute.

Bestetik, "Donostian gora doan arrazakeria eta faxismoarekin amaitzeko abuztuaren 7an ehunka herritarrek egindako deiarekin" bat egin dute. Honekin lotuta egingo dute Teila Fabrikako saioa.

Gaur, hilak 20, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma emango dute Arteleku plazan, Txomin Enean, 20:00etan. Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldunak ageri dira filmean. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira.

Bihar, larunbata, El sindrome de Venecia dokumentala emango dute, Intxaurrondon. Asteartean, Fahra ikusi ahal izango da Groseko Marruma elkartean; asteazkenean, City for sale, EHUko Arkitektura eskolan; eta ostegunean, Infernuan eta Sueños de viernes, Egiako Teila Fabrikan. Azkenik, hilaren 27an, Kuxkuxtu: parean, ondoan, elkarrekin dokumentala proiektatuko dute Antiguoko Txantxarreka gaztetxean.