Gazte hizkera lantzen

Gazte hizkera lantzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gazte-hizkera-lantzen/@@download/image/58p10-1_1366318438.jpg
2005/12/02
erreportajea
Olatz Lasagabaster
Gazte hizkera lantzen
Jar zaitez pentsatzen une batez, haserretzen zarenean, gauzak ulertzen ez dituzunean, piroporen bat bota behar duzunean, zein hizkuntzan egiten duzun. Ziurrenik, erdarara jotzen duzula konturatu zara. Lasai, denoi gertatzen zaigu, hutsune handia baitu horretan euskarak, edo hobe esanda, hutsune handia dugu euskaldunok. Besteak beste, horrelako arazoak aztertu zituzten Azpeitian egindako "Gazte Hizkera" jardunaldietan.

Nola hitz egiten dugu gazteok? Erdarara gehiegi jotzen al dugu? Zein egoeratan jotzen dugu gaztelera edota frantsesera? Galdera horiek eta gehiago izan zituzten aztergai, apirilean, Azpeitian, egindako "Gazte Hizkera" jardunaldietan. Jardunaldien ondorioak, liburuxka batean argitaratuko dituzte antolatzaileek.

Jardunaldietan ateratako ondorioen artean, hauxe izan zen nagusiena: gazte hizkera izan badela, baina ez dela Euskal Herri mailakoa. Gazte hizkera tokian tokikoa izaten da, eta ez da behar beste zabaldu. Horrekin batera, beste ondorio batzuk ere atera zituzten jardunaldian, eta ondorio horiek, azaroan kaleratuko den liburuxka batean argitaratuko dira.

Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak antolatuta egin ziren jardunaldiak. Ehun pertsona baino gehiago bildu ziren Azpeitian; gazteak alde batetik, eta helduak, bestetik. Talde bakoitzak bere kaxa aztertu zituen gazte hizkeraren hutsuneak, eta hutsune horiek estaltzeko jarraitu beharreko bidea zein den.

Nola ligatzen dugu?

"Euskaraz edozer gauza esan daiteke, baina ez da edozer gauza esaten". Kike Amonarrizen hitzak dira. Ligatzerako orduan, adibidez, erdarara jotzeko ohitura dugula esan zuen Amonarrizek, bestela, askotan esatera goazen horrek freskotasuna galduko lukeelako. Amonarrizek "maiteminez biziki atsegin zatzaizkit" esaldia jarri zuen adibide gisa; horrelakoak esanez gero, parean dugunarengandik ostiko bat errazago jasoko genuke muxu bat baino, ezta?

Gauza bera gertatzen zaigu haserretzen garenean; euskarazko erreferentziak falta zaizkigu, eta kasu askotan, erdaraz esandakoek indar gehiago dutela iruditzen zaigu. Asisko Urmeneta komikilari nafarrak, esaterako, adibide hauxe jarri zuen: ez dela berdina "txorrada" edo "pitokeria" esatea. Erdarazkoak indar handiagoa duelakoan, horretara jotzen dugu gehienetan.

Horren aurrean, metafora berriak sortzea posible eta beharrezkoa dela uste du Asisko Urmenetak. Eta horren adibide, Lizarraga idazle klasikoaren adibidea jarri zuen, Lizarragaren aipamenei esker baitakigu, bere garaian sortu zela egun hitzetik hortzera dabilkigun "mozkortu" forma: "Orai erraten da hordiagatik mozkorturik, ta guzia heldu da ongi, ezi nola burua kentzea arbola bati deitzen baita mozkortzea, hala hordia da mozkor bururik gabe".

Erdaraz egunero erabiltzen ditugun hitz askok, ez dute baliokiderik euskaraz, eta horretarako, metaforak sortzea proposatzen du Asisko Urmenetak. Izan ere nola esango genituzke euskaraz "flipar", "tener el mono", "de puta madre", "kutre" edota "chupao" bezalakoak?

Gazte hizkera nazionalik bai?
Urmenetaren ustez, diagnosia egitea ezinbestekoa da: hutsuneak non diren ikusi behar da, eta ondoren, komunikabideen bidez hedatu behar da gazte hizkera: hedabideek esamoldeen promozioa egin behar lukete, batez ere, gazteentzako saioetan. Esamoldeak sozializatu egin behar dira, erabiliaren erabiliz.

Gazte hizkera nazionalik ez da Urmenetaren iritziz, eta euskara kolokiala estandarra eraiki behar da. Izan ere, gaur egun euskara "kolokiala" euskara "koloniala da" Urmenetaren ustez, gaztelera eta frantsesaren eraginez. Kike Amonarriz, soziolinguista eta umoregilearen iritzia bestelakoa da.

Gazte hizkera bada

Kike Amonarrizen arabera, azken 5-6 urteotan gazte hizkera sortu da, ez soilik kontzeptua, baita hizkera bera ere. Fenomeno berria dela dio Amonarrizek, eta badela gazte hizkera erabiltzen duen jende ugari.

Amonarrizen ustez, berezko ezaugarriak ditu gazte hizkerak: euskara nahasia da; Euskal Herri osoa hartzen duen fenomenoa da; bere helburu nagusia komunikazioa eta adierazkortasuna irabaztea da, eta hau guztia, egoera soziolinguistiko baten ondorio da, baina faktore ekonomiko, kultural eta politikoek ere zerikusia dute horretan. Gazte hizkera sortzeko, ikuspegi nazionala ezinbestekoa dela uste du Kike Amonarrizek, eta ezinbestekoa dela hizkuntzaz gozatzeko gogoa transmititzea.

Imanol Esnaola gazte hizkeraren ikertzailea ezkorrago agertu zen: bere ustez gazte hizkera zer den ez dugu ulertu, euskara batuaren sindromeak jota jarraitzen dugu, eta ezin zaie gazteei hizketa berezia zainetatik sartu, horrek berezko prozesua izan behar duelako.

Erabilera, lehen pausoa

Gazteek bere lekua izan zuten Azpeitiko jardunaldietan, jakina. 15 eta 17 urte bitarteko hogeita hamar bat gazte bildu ziren, eta eztabaidak egin ondoren, beren ekarpenak egin zituzten. Iruñea, Baiona, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Azpeitia eta Lasarte-Oriako gazteek parte hartu zuten. Beraz, hainbat tokitako errealitateak ezagutzeko aukera izan zen jardunaldietan, eta esaterako, aberasgarria izan zen Azpeitia eta Iruñeko errealitateak elkarrekin zerikusi gutxi dutela ikusteak.

Hasteko, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten partehartzaile gazteek. Gazteen ustez, euskara erabiltzen hastea da lehen pausoa. Izan ere, gazte hizkera bultzatzea gazteon eskuetan dagoela adierazi zuten, gazte hizkera erabiltzeko konpromisoa hartu behar dela, alegia.

Non sortu gazte hizkera?

Kalean sortu behar da gazte hizkera, eta hori indartzea gazteon lana da. Gazte hizkera nazionalik ez izan arren, Azpeitiko jardunaldietan bildutako gazteek ez zuten arazorik izan elkarren artean ulertzeko. Gainera, gazteok kode propioa dugula argi utzi nahi izan zuten: txatean edota poltsikoko telefonoekin erabiltzen duguna, hain zuzen.

Gazteon eginbeharraz gain, administrazioak, komunikabideek eta ikastetxeek ere lagundu egin behar lukete gazte hizkera sortzen. Azpeitiko jardunaldietan parte hartutako gazteen iritziz, administrazioak gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatu eta martxan jarri beharko lituzke, eta komunikabideen kasuan, kazetariek kontzientzia hartzea izango litzateke lehen lana: gazte hizkeraren inguruan formazioa jaso beharko lukete ondoren komunikabideetan, hizkera hori era naturalean erabiltzeko. Ikastetxetan gai hau zeharka lantzea ere ongi ikusi zuten.

Ez da berriro egingo

Edo momentuz ez, behintzat… Azpeitin egindako jardunaldien helburua ondokoa izan zen: gazte hizkeraren egoeraren argazkia ateratzea, eta aurrera begira zerbait planteatzea. Jaime Altuna, Urtxintxa eskolako kide eta antolatzaileak esan digunez: "Helburua ondorioak ateratzea izan zen, eta gerora, ondorio horiek gazte hizkera sustatzeko egiten den lanaren baitan integratzea. Dena den, jendea gero eta gauza gehiago egiten ari dela sumatzen da… jardunaldiek motore antzeko zerbait izan nahi zuten".

Altunaren ustez, bada garaia denon artean gaiari heltzeko eta lanean hasteko. Erronka handia da, lana ere erruz dago aurretik, baina gogoa eta ilusioa ez dira falta. Gure esku dago euskarazko gazte hizkera propioa sortzea!