Gazteentzako kontakizun laburren lehiaketa
'Oihartzun' hitza erabilita, 1000 hitz baino gutxiagoko kontakizuna idaztera animatu nahi dituzte 16 eta 30 urte arteko gazteak.
Gasteizko Gauekoak aisialdi programak Hizki Laburrak euskarazko kontakizun laburren bigarren lehiaketa antolatu du Oihaneder Euskararen Etxearekin batera. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa honetan, hitz jakin baten inguruan gehienez 1000 hitz erabilita istorio bat asmatzea da erronka. Aurten aukeratu den hitza 'oihartzun' da.
Epaimahaiak proposatuko hitza testuan erabili izana, testuaren originaltasuna eta euskararen erabilera egokia hartuko ditu kontuan. Epaimahaia Gauekoak lantaldeko kide batek, Oihaneder Euskararen Etxeko teknikari batek eta Gazteriako teknikari batek osatuko dute. Hiru lan aukeratuko dituzte, eta azaroaren 19tik aurrera udal webgunean argitaratuko dira kontakizunak.
Sari banaketa, berriz, azaroaren 24an egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Hiru sari banatuko dituzte: Gasteizko liburu-denda batean gastatzeko 200 euroko bono txartela, 100 eurokoa eta 50ekoa.
Azaroaren 15era arteko epea dute gazteek beren kontakizuna aurkezteko. Oinarriak zehaztuak dituzte, baina edozein zalantza izanez gero, info.gauekoak@gmail.com helbidera idazteko jakinarazi dute.