GAZTEZULO 200: ESKERRIK ASKO!

Igande honetan sekulako festatzarra egin dugu Bilboko Kafe Antzokian, GAZTEZULO aldizkariaren 200. zenbakia merezi zuen moduan ospatzeko... hemen dituzue gau ahaztezin honek utzitakoak!

Festa osteko ajea eta belarriak burrunbaka ditugula hasi dugu astea... eta noski bihotzak pozez beterik! GAZTEZULO aldizkariak 200. zenbakia argitaratu du 2018ko azaroan; zeinen azkar pasatzen den denbora!! Zifra honetara iristea ez da erraza izan, eta zuek guztiokin behar den bezala zenbaki borobil hau ospatzeko aukera izan dugu igande honetan, Bilboko Kafe Antzokian. Denetarik izan dugu festan; musika itzela (Zea Mays, Liher, Xabi Solano, Zuriñe Hidalgo, Xabi Bandini, Jon Basaguren...) Aneguriak sortutako giro aparta, zozketak, sorpresak, Altsasuko Gurasoen bisita... itzela izan da! Hemen dituzue gau ahaztezin honek utzitako uneak eta GAZTEZULOko lantaldearen izenean Gaizka Izagirre zuzendariak idatzitako esker hitzak. BAIETZ BESTE 200!

 

GAZTEZULO FESTA: IKUSI ARGAZKIAK!

 

GAZTEZULO 200: ESKERRIK ASKO!

"Eskerrik asko atzoko ospakizun berezi honetara gerturatu zineten harpidedun, irakurle, lagun, parrandazale, familia, jarraitzaile, musikazale... urte guzti hauetan zehar bidelagun izaten ari zareten guztiei azken finean. Eta eskerrik asko gerturatu ez arren, ZERO SARRERA erosi zenuten guztioi.
Eskerrik asko Xabi Solano, Zuriñe Hidalgo, Xabi Bandini, Jon Basaguren eta Liher taldeko kideei. Beste behin sekulako artistak zaretela erakutsi diguzuelako eta atzoko erakustaldia primerakoa izan zelako! Biba zuek!
Talentu guzti horren artean, besteen baimenaz, eskerrik irmoena Zea Mays-ekoei: musikaren arloan handienen artean zaudetela maiz frogatu duzuen arren, erakutsi duzuen eskuzabaltasuna, prestutasuna eta profesionaltasunari esker, pertsona bezala lehen mailakoak zaretela egiaztatu baitzenuten!
Esker berezia baita ere, Grises-ekoei; gaixotasun arazo bat medio, azken unean parte hartu ez zenuten arren, plazera izan baita hilabete hauetako prestakuntzan eman dituzuen erraztasun guztiekin aurrera jarraitzea!
Eskerrik asko, nola ez, Aneguria! festari eman zenion ukitu berezi eta bakarrengatik.
Eskerrik asko Galder Izagirre.  Gauzak korapilatzen hasi zirenean, zure laguntza eskaini zenigulako.
Eskerrik asko Lur, zuri esker dena primeran atera delako!
Eskerrik asko Artzai; GAZTEZULO lantaldearen partez besarkadarik handiena familiako guztiei eta eutsi gogor!
Eskerrik asko telebista errusiarrari (ez da txantxa) GAZTEZULO festaren berri emateagatik eta guztiak zur eta lur uzteagatik!
Eskerrik asko Beñat Iturrioz eta BIRA produkzioko lantaldeari. Segi horren fin, etorkizun oparoa baituzue aurretik.
Eskerrik asko GAZTEAko lantalde osoari, promozioan beharrezkoa genuen azken bultzada horrekin lagundu diguzuelako.
Eskerrik asko Olrait Studio-ko Beñat Rodriguez. Festa iragartzen zuen zure poster bikainak Euskal Herriko txoko guztietatik bidaiatu duelako.  
Eta eskerrak bereziki zuei: Altsasuko Gurasoak.  200. zenbakiaren aitzakiaz, atzean ezagutu duguna deskribaezina izan delako. Inoiz ahaztuko ez ditugun uneak bizi ditugu. Barreak, isiluneak eta malkoak egon dira, emozio zurrunbilo etengabean.  Gogorra izan da, baina aldi berean polita eta batez ere oso aberasgarria.
Eskerrik asko, modu batean ala bestean, laguntza eta babesa eskaini diguzuen guztioi!

GAZTEZULO 200 amaitu da, baina txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen dugun bitartean etorkizunean ospakizun gehiagotan ikusiko garelakoan...

ESKERRIK ASKO"

Gaizka Izagirre. GAZTEZULOko zuzendaria.

GAZTEZULO FESTA: ARGAZKIAK (Argazkilaria: Beñat Iturrioz @biraprodukzioak)


IKUSI FESTAREN ARGAZKI GUZTIAK HEMEN!