Geomatika eta Inteligentzia Espazialaren inguruko topaketak: "Askotan badirudi oraindik gai teknologikoak ezin direla euskaraz landu, baina mito hau kendu beharra dago".
Duela urte gutxi batzuk ez ziren batere ezagunak, baina gaur egun edonon daude, eta soinean ere badaramatzagu. Geoinformazioaren teknologiak norbanakoen bizitza pertsonalean ez ezik, administrazio, enpresa, elkarte eta arlo akademikoan ere leku nabarmena hartzen ari dira. Geoteknologien oraina eta geroa aztertuko dute ostiralean “Geomatika eta Inteligentzia Espaziala” jardunaldian, eta UEUrekin eta Gislan kooperatibarekin elkartu gara zertaz jardungo duten hurbiletik ezagutzeko.
Geomatika eta inteligentzia espaziala bezalako gaiak urruti geratzen zaizkigu askori, zer dira?
Egun, arlo eta toki ezberdinetan jasotzen diren datuak, parametro ezberdinen arabera prozesatu eta informazio espazial edo geografikoan bihurtzeaz ari gara. Beste modu batera esanda, lurraldearen gainean errealitatea aztertzea, irudikatzea eta interpretatzea dute helburu. Era berean, esan daiteke geoinformazioaren teknologiak direla organizazio batek inteligentzia espaziala garatzea ahalbidetzen duten tresnak.
Azterketaz gain, katalogaziorako tresnak ere badira eta lurraldearen gaineko edozein elementu katalogatu dezakegu nahi adina ezaugarri kontuan hartuta (errepide baten zabalera, lur mota, eguneroko trafikoa, …)
Egungo informazio gaindosiari irtenbidea emateko moduak al dira geomatika eta inteligentzia espaziala?
Zentzu batean halaxe da. Gainera, modu oso bisual batean, datu iturri masiboek jasotzen duten informazioa barneratzen, ordenatzen eta kudeatzen laguntzen digute.
Halere, informazio gaindosiari irtenbidea emateko baino, informazio hori aztertu eta interpretatzeko tresnak dira, lurraldearen gainean adierazi daitekeen informazioa modu ulergarri batean azaltzeko. Gaindosia berdin hartuko dugu baina informazioa irakurri eta barneratzeko modua erakargarriagoa bada, informazio hau errazago asimilatu eta interpretatuko dugu.
Zer ezkutatzen da GIS akronimoaren atzean?
Geografia-Informazio Sistemak (GIS) datuak lurraldearen gainean adierazi eta aztertzeko azpiegitura teknologiak edo softwareak dira. Horien bidez, datu alfanumerikoak lurraldearen gainean adierazten dira eta azterketarako beste dimentsio bat hartzen dute. Mapak dira emaitzarik ezagunena (mapa fisikoak, mapa digitalak, bisore interaktiboak, atlas interaktibo tematikoak…).
Hala ere, azken urteetan GISak ahalmen berriez hornitu dira, esaterako GPS datuen integrazioa, metadatuen sorrera, mundu birtual eta errealitate areagotuen sorrera, datu jario masiboen ustiaketa eta bisualizazioa, programazio-lengoaia estandarren bidezko pertsonalizazioa, etab.
Aldi berean, GIS akronimo horren atzean edo orokorrean geoteknologien atzean, mundu oso bat dago. Gaur egun, edonork dugu smartphone bat esku artean. Gailu hauek kokapena ematen dute aldi oro eta aplikazio batzuek, informazio hau erabiltzen dute beste gauza askotarako. Hor dago geoteknologiaren beste atal bat. Beraz, hasieran esan duzun bezala, agian irudituko zaio irakurleari urruti dauden gaiak direla, baina egiazki, egunerokoan daude txertatuta.
Zer eskaintzen duzue topaketa honetan zehazki?
Geoinformazioaren teknologiak administrazio, enpresa, elkarte eta arlo akademikoan leku nabarmena hartzen ari dira; hori dela eta, teknologiaren oraina eta geroa aztertzeko aukera eskainiko digu jardunaldiak. Aldi beren, geomatikaren inguruan biltzen den euskal hiztun komunitatea ere bildu nahi dugu. Askotan badirudi ere oraindik gai teknologikoak ezin direla euskaraz landu, baina mito hau kendu beharra dago eta jardunaldi honekin bide horretan beste pauso bat gehitu nahiko genuke.
Nork hartu dezake parte jardunaldian?
Datuen analisi espazialean interesa duen edonor gerturatu daiteke jardunaldira. Izen emateak UEUren web orrian egin daitezke eta gaiaren inguruan adibide eta esperientziak berriak ezagutu nahi dituen edonor dago gonbidatuta.
Nola egituratua dago?
Egun osoko jardunaldia izanik, goizeko lehen saioan “Geoinformazioaren teknologiak etorkizunari begira” izeneko mahai ingurua antolatu dugu.
Jarraian, geomatikaren aplikazioak ezagutze aldera, jakintza-arlo ezberdinetan garatu diren hainbat proiektuen aurkezpen motzak egingo dira. Guztira 10 aurkezpen. Jardunaldiari amaiera emateko, bi tailer antolatu ditugu; ''R softwarea: datu espazialekin lanean'' eta ''Mapagintza: sinbologia eta maketazioa QGISekin''.
Zein helburu dituzue?
Geoinformazioaren teknologien eta inteligentzia espazialaren aplikazio ezberdinak ezagutu, ezagutzera eman eta etorkizunari begira azaldu daitezkeen erronken gainean hausnartzeko balioko duen jardunaldia izatea nahiko genuke. Aldi berean, Geoteknologien gaiaren inguruan eukaraz aritzeko foro bat izatea ere, gure kooperatibaren helburuen artean baitago geoteknologiak eta euskara uztartzea.
Jardunaldian ikasitakoak egunerokotasunean ze aplikazio ditu?
Jardunaldian ikasitakoak, aplikazio sektorialak izango ditu. Bertaratuko diren ikasle zein profesionalek beraien eguneroko jardunbidean aplikatu ahal izango dute jardunaldian ikusi eta ikasitakoa. Zientziak, humanitateak, erakundeen kudeaketa, planifikazioa… Bakoitzak bere arloan ikusiko du zertan aplikatu, baina aukerak asko eta askotarikoak dira.
Zein izango da teknologiaren etorkizuna? Egun ematen diogun erabilera aldatuko al da?
Etorkizunak harrapatu gaitu dagoeneko. Aipatu dugun bezala, smartphone-ak sortzen duten datu espazial kopurua pentsaezina da. Datu hauekin, google maps aplikazioak erantzun ezberdinak ematen dizkigu momentuan (non dago gertueneko zapata denda? Edo zein dira 200 metrotan dauzkadan pintxo tabernak?) edo safe 360 aplikazioak larrialdi zerbitzuei gure kokapen zehatza bidali diezaioke mendian istripu bat eduki ezkero. Esan bezala, etorkizunari begira aplikazio berriak garatuko dira geoteknologien alorrean baina gaur egun ere, naiz eta gu ez konturatu, eguneroko bizitzan daude txertatuak geoteknologiak.