Getxoko Tosu landagunea babesteko erresistentzia akanpada deitu dute
Abuztuaren 31tik aurrera izango da, eta jardueraz betetako egitaraua prestatu du Tosu Betirako kolektiboak
‘Lurra lantzen duenarena da, ez diruz erosi duenarena’ leloan sinetsita, Tosu Betirako kolektiboko kideek sei urte daramatzate Getxoko nekazal eremu hau lantzen. Jada ez baita zelai huts bat, Getxon lurraren bestelako erabilera aldarrikatzen dutenen erresistentzia sinbolo baizik, elkartasunetik sortua eta defendatua.
Izan ere, bina erresistentzia akanpada eginda, birritan lortu dute landagune horretarako aurreikusita dauden lanak geldiaraztea. Hondeamakinek berriz ere abuztuan sartu behar zuten, baina arazo burokratikoak tarteko irailera arte atzeratu dute asmoa.
Hortaz, hirugarren hau behin betikoa izango dela sinetsita, beste erresistentzia akanpada baterako deialdia luzatu dute, abuztuaren 31tik aurrera. Halaxe dio gonbidapenak: “Ba al dago udari luzapena emateko plan hoberik Tosuko landan hamaika ekimenetan parte hartzea baino? Hitzaldiak, tailerrak, bioeraikuntzan trebatzeko aukera, ortuak lantzekoa, filme proiekzioak, kontzertuak, egitarauan agertuko ez direnak, eta… erresistentzia eta borroka!”
Joseba Sarrionandiaren hitz batzuk ere ekarri dituzte gogora, hausnartzeko:
Gu herrialde estuan sortu ginen,
arbasoek aberri mendrea utzi ziguten.
Merkatari aberatsek merke edo kario
erosten dituzte gure lurrak, gure jendearen
hezurrak. Lurrak eta hezurrak,
eta badoaz urtaroak, eta gu ere bagoaz,
geroago eta gutiago gara ginenak,
gero eta urrutiago ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian, ez besterik: Ursouia, Itchasou,
Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko
Maitia…
Jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok,
jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izenok.