Gipuzkoako bost artistaren 'Bidegurutzeak' erakusketa jarri dute Donostian

Gipuzkoako bost artistaren 'Bidegurutzeak' erakusketa jarri dute Donostian Zaintzaren, nortasunaren eraikuntzaren eta bizikidetzaren inguruan hausnartu dute, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gipuzkoako-bost-artistaren-bidegurutzeak-erakusketa-jarri-dute-donostian/@@download/image/egileak.jpg
2024/07/04
Zaintzaren, nortasunaren eraikuntzaren eta bizikidetzaren inguruan hausnartu dute, besteak beste.
Gipuzkoako bost artistaren 'Bidegurutzeak' erakusketa jarri dute Donostian

Egile(ak) zikloko Bidegurutzeak erakusketa zabaldu dute Donostiako Santa Teresa komentuko Ataria espazioan, Koldo Mitxelena Kulturunaren egungo egoitzan. Erakusketak Gipuzkoako Ainhoa Goenaga, Maddi Zumalabe, Nagore Amenabarro, Sara Ayesa,  eta Viviane Straub artisten lana erakusten du. Egile 2023 saria irabazi zuten bost artistek, arte plastikoen kategorian.

Bidegurutzeak erakusketak ibilbideari buruzko ideia bat artikulatzen du. Bost sortzaileek bizitza garaikidearen erdigunean dauden gaiei buruz hausnartu dute: zaintzak, natura eta jasangarritasuna, indibidualtasuna eta bizikidetza, nortasunaren eraikuntza eta bizitzeko modua. Sormen prozesuen garrantzia ere aldakarrikatzen dute lanek.

Erakusketa abuztuaren 4ra arte izango da zabalik, asteartetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara. 

Bigarren erakusketa, abuztuan
Egile(ak) zikloaren bigarren erakusketa inauguratuko dute abuztuaren 9an: Gutxi esan, asko jolastu. Bost emakume ilustratzaileren lanek osatuko dute erakusketa: Ane Arzelus, Arrate Rodriguez, Irene Irureta, Maite Caballereta Sandra Garayoa. Oraingo honetan, jolasa da erakusketa lotzen duen kontzeptua, eta obrak jatorrizko formatuetan, liburu formatuan aurkeztuko dira.

Erakusketa irailaren 8ra arte egongo da irekita, ordutegi berean.