Gladys del Estal: ekologismoa ez da hil
(2019ko abuztuan idatzitako erreportajea)
Gladys del Estal Ferreñoren istorioa ez da ezezaguna; alderantziz, inoiz baino biziago dagoela esan daiteke. Hain zuzen, ekainaren 3an 40 urte bete dira aktibista ekologikoa tiroz hil zutenetik Tuterako protesta ekologiko baketsu batean. Ia mende erdia igaro da Euskal Herria astindu zuen egun hartatik, eta justiziarik ez du izan Gladysek. Baina ez da ahazturan erori ere; bere borroka inoiz baino garrantzitsua den garaiotan, merezi du bere istorioa kontatzea.
Garai hartako eskariak eta egungoak ia berdinak dira; oraindik ere, nuklearren mehatxua bizi dugu, eta egunero errepikatzen dira "krisi ekologikoa", "berotegi efektua", "kutsadura", "espezieen desagertzeko arriskua", "sute larriak", "ur edangarriaren krisia", eta antzeko termino beldurgarriak. Aktibismo ekologikoa inoiz baino garrantzitsuagoa da egun; baina, errepikatu ote daiteke Gladysi gertatutakoa?
Gladys lurrean, hilzorian.
1979ko ekainaren 3an, Tuteran, Ebro gaineko zubian eserita zeundela, Jose Martinez Salas goardia zibilak buruan tiro bat jo eta hil egin zuen Gladys del Estal. Une horretan 23 urte zituen; informatikan graduatua, kimika hastekotan izan zen, eta ondoren biologia aukeratu zuen, ingurugiroarekiko konpromiso irmoa hartuta. Gaztea zen Gladys, baina segundo bakarrean, bizitza amaitu zitzaion. Heriotza bortiz horrek Eugeni eta Enrique bere gurasoen bizitzak ere suntsitu zituen; Gladys Del Estalen heriotza inpunitatearekin estuki lotuta dago, bera hil zuen guardia zibilak kondena irrigarria jaso baitzuen –18 hilabeteko kartzela zigorra, nahiz eta ez den ziurra bete zuenik–, eta ondoren birritan kondekoratua izan zen. Epaiketa bera ere guztiz manipulatua izan zela salatu izan dute behin eta berriz; soilik goardia zibilen hitza izan zuten kontutan, eta gertaerak ikusi zituzten testigu ugari izan ziren arren, batek berak ere ez zuen deklaratu epaiketan.
AKTIBISMORAKO JAIOA
Venezuelan jaio zen Gladys, 1956an. Hain zuzen, haren gurasoak 1936ko gerra ostean exiliatu ziren herrialde hartara, fitxatuta baitzeuden. Lau urte zituela bueltatu zen familia Euskal Herrira, eta Egian bizitu ziren. Gladysen aktibismorako grina familiatik jaso zuen; haren gurasoak ere borrokalariak izan ziren. 1976an Egiako lehen talde ekologista sortu zen, Gladys kide zelarik.
Aktibismo ekologikoarekin batera, gau eskoletan euskara ikasten hasi zen Gladis, eta auzoko hirigintza eta ingurumen batzordeko kide egin zen; haurrentzako talde ekologista baten arduradun bilakaturik, 1979ko ekainaren 3an Egiatik Tuterara irten zen autobusa antolatu zuen.
Gladysen ama Eugeni, manifestazioan.
Ingurugiroaren Nazioarteko eguna baino 48 ordu lehenago, Tutera jendez gainezka bildu zen Energia Nuklearren aurkako Nazioarteko Jardunaldi historiko horietan. Ez zen halabeharrez aukeratutako jomuga izan; Adolfo Suarezen gobernuko energia planak zentral nuklear bat eraikitzeko asmoa zuen zonaldean. Gainera, handik gertu zegoen–eta bertan jarraitzen du egun–Bardeetako militarren tiro guneak. Hala, egun horretako protesta ekologista izateaz gain, antimilitarista eta bakearen aldekoa ere bazen.
Jornada lasaia izan zen, behintzat eguerdira arte; bat-batean, Polizia Armatua iritsi zen gunera; handik gutxira, kaosa sortu zuten, gomazko pelotak jaurtiz eta jardunaldiak disolbatuz. Une horretan, jendea autobusetara bueltatzen hasi zen, baina denak ez zeuden gertatutakoarekin konforme; neska talde batek Ebroa zeharkatzen zubian eserialdi baketsua egitea erabaki zuen, tartean, Gladys. Martinez Salasek Z-70 subfusila atera eta harekin kolpatu zuen aktibista; bat-batean, tiroa entzun zen, eta Gladys zerraldo erori zen lurrera. 20 minutu izan zuten bertan odolusten, anbulantzia batera igotzeko baimena eman arte; hilik iritsi zen ospitalera. Geroago, autopsiak baieztatu zuenez, Gladysek garondoan pegatutako arma baten tiroa jaso zuen.
BORROKA ANTINUKLEARRA EUSKAL HERRIAN
Lemoizen zentral nuklearra irekitzeko proiektua 1972an hasi zen, frankismoaren azken urteetan. Zentral gehiago ireki nahi zituzten Deban, Ea-Ispasteren eta Tuteran, baina bakarrik Lemoizko proiektua atera zen aurrera. Zentralaren aurkako oposizioa itzela izan zen, eta gerraosteko garaitik mobilizazio handienak eragin zituen: manifestazioak, festibalak, boikotak, ekintza bortiza eta baketsuak, kartelak, liruruak... azkenean, estatu kontua bihurtu zen. Herri-antolakuntza ereduzkoa izan zen, eta behetik egina: elkarte anitzeko koodinakuntzatik Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordea sortu zen.
Lemoizen aurkako protestak.
GLADYS EGUN
Aurtengo urteurrena gogoratzeko omenaldi berezia prestatu zioten ekainean, Gladys Gogoan ekimenaren bidez. Ekitaldiak egin zituzten ekainaren 1ean Iruñean, Tuteran eta Donostian. Eguzkik urtero antolatu ohi duen omenaldiaren aurretik, bizikleta martxa egin zuten, 1979an egin zen beste martxa hura gogoratzeko. Gladys Del Estali buruz osatzen ari diren dokumentalerako balioko dute egun horretan grabaturiko irudiek. Sabino Ormazabalek egin du filmaren gidoia eta Bertha Gaztelumendi ari da zuzentzen; Zinebi nazioarteko jaialdian aurkeztuko dute azaroan.
Gladysen aldeko omenaldia.