Gomendioa: 'Punk the Capital' dokumentala
1970. hamarkadako bigarren zatia garai konplexua izan zen Wahington DC hirian. Dekadentzia betean zegoen, biztanleak galtzen zituen eta krimena gora zihoan. Pobrezia hiri erdiraino iritsia zen eta erretako eraikinek paisaia hondatzen zuten.
Horretaz gain, Martin Luther King-en hilketak arrazagatiko istiluak ekarri zituen 1968an. Unadura sozial hartan sortu zen hiriak inoiz bizi izan duen sorkuntza etapari oparoena. Etxe Zuritik hurbil punkak kaleak bereganatu zuen soinu propioarekin Washington hiri musika bilakatuz. Hardcore-a sortu zen bertan, erratietatik ateratako oihu leherkorrak, punkaren politika izango dena nolabait, Bad Brain, Minor Threat eta beranduxeago Fugazi bezalako taldeak izango zituztenak buru.
Eszena musika horren jatorriak dira Punk the Capital dokumentalaren ardatz. Bertan Washingtoneko punkaren eta hardcore-aren hastapenak azaltzen dira 1976tik 1983ra bitarte izandako sorkuntza aberastasuna azpimarratuz. Dokumentala garaiko grabazio, bideo eta argazkiekin osatuta dago, asko super 8n filmatuta daude eta ezkutuan egon dira orain arte artxibo pribatuetan. Irudi hauek protagonisten elkarrizketekin osatzen dira: Ian MacKaye-tik (Teen Idles, Minor Threat, Fugazi) Henry Rollins-eraino (Black Flag).
Umorean oinarriturik dokumentalak industriaren inolako babesik gabe sortutako garaiko eszenaren energia eta kontraesanak modu zintzoan biltzen ditu dokumentalak. Garai hartan hirian ez zegoen ia jotzeko lekurik ere, oso hiri kontserbadorea baitzen. Kontzertuak etxeetan, zentro sozialetan eta fama txarreko lokaletan burutzen ziren, eta hain justu horiei esker lortu zuen mugimenduak aurrera ateratzea. MacKaye-k hala dio dokumentalean: Punk mugimendua sortu zitekeen azken lekua zirudien Washington-ek, baina behin sustraiak botata inork irudika ezin zitzakeen bideak jorratu zituen.
The Sleeky Boys edo White Boy bezalako taldeek bidea ireki zuten 70. hamarkadaren erdialdean Londres eta New York-etik zetorren punka imitatuz. Baina berehala hasi zen Washington bere bide propioa egiten, Sex Pistols, Dead Boys edota Ramones bezalako taldeen autodestrukzio eta nihilismoa alboratuz. Horrela 1979an Bad Brains taldea azaldu zen: Mundu zurian zeuden lau mutil beltz. Ordura arte jazza egin zuten eta beraiek izan ziren hiriko mugimendu berriaren lehen harria jarri zutenak. Minutu eta erdiko abestiak, ziztu bizian jotakoak. Bad Brains-en aldean Ramones taldea aitonez osatutako zegoen.
Taldeak sortzen zihoazen bitartean, hauek jotzeko lekuak ere ugalduz joan ziren. Artista eta “hippiek” autogestionatutako Madam's Organ etxea da horietako bat. Bertako airea arnastea nahikoa zen kolokatzeko. Bertatik Black Market Baby, Enzymes, Government Issue edo Teen Idles bezalako taldeak sortu ziren eta ondoren, azken honetatik Minor Threat talde mitikoa aterako zen, Fugazi-ren enbrioia. Azken hau da beharbada, hiritik kanpora ospetsuen egin den taldea. Bad Brains-en gehiegikeriei buelta eman zion MacKaye-ren taldeak straightedge dotrina asetikoa sortuz. Mugimendu honetakoek alkohola, tabakoa eta drogak arbuiatzen zituzten. Horretaz gain kontsumismoaren edo Reagan-en politika kontserbadoreen aurka azaldu ziren. Egun osoa kolokatua egoteak ez du ezer iraultzailetik dio MacKaye-k dokumentalean.
Urte horietan sortu zuen Dischord diskoetxea ere, eta honek dokumentatu zuen hobekin garaiko eszenaren garapena. Egun mundua berriz ere sozialki lokartzen ari dela dirudien honetan iratzartzeko oihukatzen digun ukabilkada da dokumentala. Ez galdu!