[Gomendioa] ‘The Mitchells vs. the Machines’: 2021eko sorpresarik handienetakoa
The Mitchells vs. the Machines proposamen desberdina izango zela hasieratik susma zitekeen, sormen taldearen atzean dauden izen batzuk ezagutu ostean. Hasteko, Mike Rianda eta Jeff Rowe Gravity Falls telesaileko gidoilariek idatzi eta zuzendu dutelako istorioa. Eta bigarrenik, ekoizleak, Phil Lord eta Christopher Miller direlako, The Lego Movie eta batez ere Spider-Man: Into the Spider-Verse film bikaineko gidoilariak. Izan ere, Netflixek mundu mailan estreinatu duen arren, pandemiaren aurretik ohiko banaketa-sistematik pasatzea aurreikusita zegoen, berez Sony-ren ekoizpena baita.
Osagarri horiekin guztiekin, energiak gainezka egiten duen film aparta osatzea lortu dute. Argiak, robotak, autoak, eztandak, laser-tiroak, jendea oihuka, txiste bisualak, pop kulturako erreferentziak, pertsonaia inperfektu zein erakargarriak eta etengabeko entretenimendua eragiten duten elementu ugari topatu daitezke film osoan zehar. Guztia dinamismoz eta azkartasunez inplementatuta, akzioa, zientzia fikzioa, komedia eta coming-of-age - protagonistaren hazkunde psikologikoa eta morala ardatz duen genero literario eta zinematografikoa- maisuki uztartuz. Mendekotasun teknologikoari buruzko kritika zorrotza ere aurkituko duzu, eta zeinen arriskutsua den korporazio erraldoiei gure datu pertsonalak kontrolatzen uztea.
Pelikula dibertigarri da, oso. Gutxitan egiten dut barre film bat bakarrik ikusten dudanean eta honekin hala egin dut. Aurkezten duten errealitate horren aurrean txantxetan ari diren zenbait eszena ikustean barrea sortzen dutelako noski, baina batez ere txisteen ondoren kritika on bati heltzen diotelako etengabe. Talka horrek eragiten du barrea, bi ideia eta irudi kontrajarri erakusten dituztenean. Mugikorrena edo ordenagailuena mendekotasun handiko mundua bihurtu dela erakusten dute, eta baita pertsonek sareetan izan dezaketen eragina, baina tartean eszena dibertigarriak txertatzen dituzten bitartean. Pantaila baten aurrean hipnotizatuta bizi beharrean, familiaren eta maite ditugunei aurrez aurre begiratu eta uneak gozatu eta aprobetxatzearen aldarri irmoa ere egiten duen filma dela ohartuko zara, beti ere umoreari muzin egin gabe.
Pertsonaiak ere aipatu ditut, hauek ere filmeko ezinbesteko euskarria direlako hasiera-hasieratik. Filma Mad Max erako jazarpen sekuentzia batekin hasten da, familia protagonista autoan ihesi dioan bitartean robot armada bat atzetik dutela. Minutu gutxira ordea, sekuentzia hori eten egingo da, flashback baten bitartez, eta egun batzuk atzera salto eginez familia protagonista nor den erakusten dute. Familia disfuntzional honen barruan, Katie Mitchel aipatzen hasi nahiko nuke, filmeko pertsonaiarik onena delako nire ustez. Zinemagile hasiberri eta sortzailea dugu, eta zinema ikasketak Los Angeleseko eskola batean burutzeko intentzioz dihardu. Bere heroi zinematografikoak, amaieran deskubrituko dugun moduan, Céline Sciamma, Lynne Ramsay, Hal Ashby eta Greta Gerwig dira. Mitchel, animaziozko estudio handiko film batean ikusten dudan LGBTIQ+ pertsonaiarik errealistena dela esango nuke. Tira, errealista baino, bere sexualitateak ez duela traman garrantzia gehiegirik, gainerako pertsonaia heterosexualek bezalakoa, ez gehiago ezta gutxiago ere. Ez dago bere sexualitateari buruzko doako diskurtsorik ez eta errebelazio dramatikorik. Katie “arraro” sentitzen da arrazoi askorengatik, eta bere sexualitatea ez da garrantzitsuena. Era oso naturalean txertatua, gidoiaren beste gehigarri bat baino ez da. Bere aita aldiz, teknologiarekiko desastre hutsa, munduaren amaierarekin obsesionatuta bizi da; Ama, irakaslea, inguratzen duten guztien ezaugarri onenak nabarmentzen saiatzen da une oro. Eta azkenik bere anaia txikia, ume xelebrea eta dinosauroen zale amorratua. Eta nola ez, txakurra. Azken honi buruz ez dut gehiegi esango, onena zuk deskubritzea izango baita. “Txerria, txakurra, txerria, txakurra, txerria, txakurra…moldeko ogia!”. (Mundiala!)
Animazioari, eta oro har teknikari dagokionez, bikaina iruditu zait, aparta. Estiloz beteriko diseinuak, pertsonaien keinu adierazkorrak eta eszenen abiadura eta intentsitatea bikain uztartzen baitira kontakizun osoan zehar, eta estetikoki oso atsegina eta erakargarria da. Horri guztiari Katie Mitchell protagonistak bere burua adierazteko eta ikuslearekin zuzenean komunikatzeko erabiltzen dituen marrazki trakets eta zirriborratuak ere nabarmenduko nituzke, umorezko eta erokeriazko elementu oso dibertigarria eransten baitiote une oro eta nortasun propioa gehitzen diote pelikulari. Hasieran aipatu ditudan pop kulturako erreferentziak, memeak edota instagrameko filtroak, animazio mota desberdin batekin nabarmendu izana primerako iruditu zait.
Familia osoak elkarrekin ikusteko moduko animaziozko lan ez ohikoa – nahiz eta txikienek agian txiste eta erreferentzia guztiak ulertuko ez dituzten-, originala, freskoa, erritmo gupidagabekoa eta oso, oso dibertigarria. Zalantza izpirik gabe, 2021ak oparitu digun sorpresarik handienetakoa.
Netflixen ikusgai.