[Gomendioa] girl in red: Z belaunaldiaren erreferente berria?

Taylor Swift-ek bere fana dela aitortu du eta LGTBI komunitateak begi onez hartu du. Maria Ulven, girl in red, 22 urteko gaztea norvegiarra da, eta bere belaunaldiko pop izar handietako bat bilakatu liteke.

Bere lehen diskoak, if I could make it go quiet deitutakoakez du ezer berririk asmatzen, daitort; baina freskoa da, zintzoa eta oso indargarria. Orain dela hiru urte We Fell In Love in October abesti ederra argitaratu zuen eta egun 200 milioi entzunalditik gora ditu Spotify-en eta 42 milioi YouTuben, hor hasi zen bere arrakasta. 

Bideoklip hartan, ordura arte ezezaguna zen 19 urteko gazteak bere homosexualitatea modu zintzoan erakusten zuen, inongo manifesturik gabe, naturalitate guztiz. Berehala LGTBI komunitatearen eta Z belaunaldiaren begikotasuna lortu zuen. Indie pop pieza polit bat da abestia eta orain, bere lehen diskoarekin, esperientzia hartatik ikasitakoa barneratu eta bere musika norabide ezberdinetara zabaldu du. 

Ulven-en musikak asko du bere zalea den Taylor Swift-etik, baina baita Billie Eilish-en beats deserosoetatik ere, edota indie rock estiloko melodia argitsuetatik. Hain da horrela, girl in read Billie Eilish-en bertsio argitsuago bat izan liteke nolabait. Izan ere, Finneas O’Connell, Eilish-en anaiak, ekoiztu dio girl in red-i Serotonin singlea. Sekulako abestitzarra, portzierto.

 

Beste diskoko abestiak Young Dreams taldeko Matias Tellez-ek ekoiztu dizkio, Sondre Lerche bezalako artisten ohiko kolaboratzaileak. Hau guztia kontuan harturik beraz, girl in red mundu mailako pop estiloaren hurrengo izar handia bihurtu al liteke? Esango nuke baietz. 

Hasteko, bere abestiek naturaltasuna eta mainstream-aren arteko oreka modu ia matematikoan mantentzen dute, kutsu alternatibo bat eskainiz abesti guztiei. Bestetik, depresioa eta oro har, osasun mentalaren inguruko gaiak naturaltasunez jorratzen ditu, beti ere itxaropen izpi batekin. Bere abestiak errusir mendi emozional baten laburdura dira eta belaunaldi oso bat identifikatua sentitu daiteke. 

Azkenik, ez da ahaztu behar Marie Ulven norvegiarra dela eta eskandinaviarrek badutela magia berezi bat kalitatezko talde eta artista arrakastatsuak sortzeko hasi ABBAtik, The Hellacopters edota Turbonegro bezalako taldeetara paseaz, The Hives eta Mando Diao edota Robyn bezalakoak pop munduan. Habilak dira kanpoko estiloak hartu eta euren ideia izan balitz bezala aurkezten. Beraz, ongi etorri girl in red! Ez dakit hemen aurreikusitakoak beteko diren, baina ziur esan dezaket entzuleari momentu atsegin asko sortuko dizkion diskoa dela.