[Gomendioa] 'Mrs. America': ezinbesteko telesaila
Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker, urteko telesail onenen zerrendara igoaraztea lortu du.
Oso telesail politikoa iruditu zait, botere-borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikia dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi-korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespen hori ikusleari formaren bidez iristen zaiola da.
Telesaila korala dela ere esango nuke, Cate Blanchett protagonista den arren, emakumezko aktore zerrenda paregabea ere ageri delako,eta bakoitzari beharrezko arreta eskaintzen zaziolako. Ez dute protagonista bakarra aukeratu, kolektibo bat baizkik: emakumea. Gidoi politikoek izaten duten eskema horretaz garago oso telesail dinamikoa iruditu zait, istorioa ezaugarri bera duten emakume oso ezberdinen artean kulunkatzen delako: ausardia. Fakzio kontserbadorearen diskurtso atzerakoiek eta feministen diskurtso liberalek, emakume indartsuak eta erabaki propioa dutenak, aurrez aurre jarri dituzte. Izan ere, hor datza Cate Blanchettek interpretatzen duen Phyllis Schlafly buruzagi kontserbadoreak etengabe aurre egin behar dion kontraesan handietako bat. Bere eskubideak zalantzan jartzen dituen emakume independente eta borrokalari da, jarrera maskulino batzuk suminduta ikusten dituen bitartean, baina aldiz izugarri lotsarazten duen bere alderdi feministari eusten saiatzen da.
Baina interpretazio txundigarri eta gidoi sendoaz harago, teknikoki ere aparta iruditu zait. Argazki zuzendaritza, garaiko soinu-bandaren aukeraketa zoragarriarekin uztartuz eta sekulako dinamismoa ematen dion muntaiarekin osatuz. Eszenaratzeak oso modu fidagarri eta distiratsuan erakusten dizkigu garaiko estilo eta ohiturak.
Azken finean, 70eko hamarkadako mugimendu feminista estatubatuarra modu atsegin eta irakasgarrian kontatzen duen telesaila iruditu zait. Ekoizpenaren indarra herrialde amerikarrarentzat funtsezkoa zen garai baten erretratu distiratsu bat oparitzean digula da eta batez ere, pertsonaia bakoitza, pertsonaia historikotzat ez ezik, emakume eta gizaki konplexu eta liluragarri gisa ere definitzen dituelako.
Zuzendaria: Dahvi Waller
Non ikusi? HBO
9 atal