Gorka Urbizu: «Badakit datorren urtean asko sufrituko dudala baina honen atzean zerbait berria egiteko grina dago»

Gorka Urbizu: «Badakit datorren urtean asko sufrituko dudala baina honen atzean zerbait berria egiteko grina dago» Bira frenetiko baten erdian Gorka Urbizurekin (Lekunberri, 1977) solasaldi lasai bat izateko tartea topatzea zaila izan bada ere, merezi izan du itxaronaldiak. Bi ordu luzeko elkarrizketa pausatuan musikaz, Berri Txarraken fenomenoaz eta etorkizunaz mintzatu gara. Urtetan horrenbeste elkarrizketa eskaini ostean, deus berririk esateko ez duela pentsa daitekeen arren, Urbizuk oraindik ere gauza interesgarri asko ditu kontatzeko bai hitzetan zein etorriko diren abestietan. ‘Beude’ Azken kontzertu sortako lehen geldialdia izan den Amurrioko Burubio Elkartean bildu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gorka-urbizu-badakit-datorren-urtean-asko-sufrituko-dudala-baina-honen-atzean-zerbait-berria-egiteko-grina-dago/@@download/image/39dc724b-4602-4bdd-a2ff-7699e13b965b.jpeg
2019/12/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre eta Jaione Dagdrommer @hellehellei

Bira frenetiko baten erdian Gorka Urbizurekin (Lekunberri, 1977) solasaldi lasai bat izateko tartea topatzea zaila izan bada ere, merezi izan du itxaronaldiak. Bi ordu luzeko elkarrizketa pausatuan musikaz, Berri Txarraken fenomenoaz eta etorkizunaz mintzatu gara. Urtetan horrenbeste elkarrizketa eskaini ostean, deus berririk esateko ez duela pentsa daitekeen arren, Urbizuk oraindik ere gauza interesgarri asko ditu kontatzeko bai hitzetan zein etorriko diren abestietan. ‘Beude’ Azken kontzertu sortako lehen geldialdia izan den Amurrioko Burubio Elkartean bildu gara.
Gorka Urbizu: «Badakit datorren  urtean asko sufrituko dudala  baina honen atzean zerbait berria  egiteko grina dago»

 

  • Nola elkarrizketatu ia guztia galdetu zaion pertsona bat errepikapenetan erori gabe eta zeure buruan “beste elkarrizketa bat gehiago” esaldia buruan bueltaka aritu gabe?
    Orain ari naiz elkarrizketa pila bati ezezkoa ematen hain zuzen horregatik, ez beste munduko inor naizelako baizik eta sentsazio hori dudalako. Uste dut nire figura apur bat erreta dagoela. Gustatuko litzaidake sortzaile edota musikari aldetik zerbait berria eskaintzea, zerbait ezberdina edukitzea kontatzeko.
  • Zaila da Gorka Urbizu izatea?
    Ez dut uste –barreak–. Batzuetan ogibide honen zati ere bada, eta horrela hartu izan dut. Azkenean, musika azaltzea beti da zerbait konplikatua, baina batzuetan hori eskatzen digute. Mago bati ez zaio eskatzen trukoa argitzeko, guri ordea bai. Iruditzen zait askotan, abestiak azaldu beharrak misterio hori kentzen diola eta guztia zapuzten duela. Letra horiek idatzi nituen eta hor daude, bakoitzaren esku zergatia edo esanahia ulertzea. Gure letrak gainera, asko irekiak edota bukatu gabeak izaten dira, hain zuzen norberak bukatu beharrekoak direlako. Batzuetan horrekin deseroso sentitzen naiz. Kazetari ugarirekin gertatzen da, elkarrizketa oso berezi eta desberdin bat egin nahi didatela, eta horrek askotan ez duela funtzionatzen. Loro konplexua sortzen zait –barreak–, baina ulertzen dut irakurle edota entzule desberdinei zuzenduak daudela. Kontzertuekin ere antzeko zerbait gertatzen zait. 25 urte daramat eszenatikoetan, eta maiz pentsatu izan dut “mundu guztiak jada ikusi nau 5.000 aldiz”, baina gero jabetzen naiz agian ez dela horrela. Baliteke gaur lehen aldiz ikusiko gaituen norbait egotea, eta zorionez, talde honekin sarri gertatzen da hori. Jende askok ezagutu gaitu Infrasoinuak diskoarekin eta hori oso gauza polita da.
  • Euskal talde arrakastatsu gehienak 20 urte inguru beteak dituzte, eta etengabe gabiltza “dinosauroak” berpiztu nahian, nostalgia etengabean. Nekez egiten duten euren bidea talde berriek. Zergatik gertatzen dela uste duzu hau?
    Uste dut musika kontsumitzeko moduak baduela zerikusia horrekin. Gure kasuan, XX. mendetik gatozenak, “zaharrunook”, erro horiek sakonagoak izan ditugu. Diskoetxeen arotik gatoz, diskoetxeak erreferente ziren. Jendea gai zen ezagun batek gomendaturiko disko bat erosteko, taldea ezagutu gabe ere. Erreferente hori galdu da, erreferente asko galdu dira. Kritikarena ere galdu egin den zerbait da, eta gaur egun norbera da, interneten klik batean gauzak aurkitzen dituena. Erakustokia oso zabala da eta horrek arreta falta ekartzen du; zaila da toki bat egitea eta egonkortzea. Dena da oso azalekoa. Gure garaian ez zegoen horrenbesteko eskaintzarik eta egia da jendea mugitzen duten talde asko jada ibilbide bat egina daukatenak direla. Badirudi orain kate pila bat ditugula eskura, eta horizontaltasuna, baina askotan hori gauza bera hamaika mila aldiz bonbardatzeko erabiltzen da. Iturri mordoak dauzkagu, baina gauza bera etengabe errepikatzen. Birala bilakatzeko lehia hori sekulakoa da, dena da oso bat-batekoa, baina gero zer? Beharbada hemendik urtebetera inor ez da horretaz gogoratzen.

 

Euskal Rock Erradikala puri-purian
zegoenean nik Los 40 eta horrelakoak entzuten
nituen eta oso sartuta nengoen hor.
Michael Jackson ere entzuten nuen, baina
Jacksonen arorik beltzena”

 

  • Talde berriak jarraitzen al dituzu?
    Saiatzen naiz adi egoten, internet horretarako sekulako tresna da. Badok atariak ate asko irekitzen dituela iruditzen zait, eta adi egoten naiz. Uste dut Euskal Herrian, lurralde txikia izanagatik ere, beti egon direla, euskararen mikrokosmos horretan, oso talde onak. Zeharo desberdina da ordea daukaten oihartzuna, hori bai aldatu dela. Oso musikazalea izan behar da talde horiek ezagutzeko. Zinemarekin bezala gertatu da; zinemara joateko ohitura hori galdu den bezala, kontzertuetara joateko ohitura ere galdu da. Salbuespenak kenduta, jende asko mugitzen duten taldeak salbu, edozein asteburutan talde ez hain ezagun bat ikustera mugitzeko har hori sartuta izan behar da. Gure heziketa musikalaren zati garrantzitsu bat izan dena hain justu, gaur egun ez dut ikusten. Adin edo belaunaldi kontua ere bada, eta horrek bai kezkatzen nauela. Oso zaila da 20 urtetik beherako jendea ikustea kontzertuetan, oso konplikatua. Fokua orain beste nonbait dagoelako. Kezkatzen nau, kontzertu batean 150 lagun eta gehienak 40 urte ingurukoak izatea. Oso ohikoa da. Transmisio hori apur bat kolokan dagoela ematen du...
  • Transmisioaz gabiltzala, orain joera dago bi hizkuntza erabiltzearena, euskaraz eta ingelesez edota euskaraz eta gaztelaniaz adibidez. Zer iruditzen zaizu?
    Legitimoa da noski, eta norberak egin dezala nahi duena, baina niri entzule bezala despistatu egiten nau, deskolokatu, disko berean hizkuntzak nahastea. Hautu horrek pisu handia du ezinbestean eta bestalde datu soziolinguistiko kezkagarrien jarioa ez da eten (erabilerari buruz, hezkuntza publiko vs kontzertatuaren afera eta euskararen zokoratzea, euskararen erreferentzialtasun (eza) eta ikusgarritasuna...). Horregatik ardura moduko bat badugula sinesten dut eta zoritxarrez denon aletxoa dela inportantea eta ezinbestekoa, corpusa zabaltzeko, canona berritzeko, Euskal Herriko gazteei erreferente euskaldun erakargarriak aurkezteko... tristea da, baina sentitzen dut oraindik ere hizkuntza honi prestigioa emateko lanean gabiltzala, zuzenean edo zeharka. Normalizazioa urrun dagoen bitartean, ardura moduko hori hor dago. Hortik aurrera, norberaren hautua da, noski, eta hori errespetatu beharra dago.
  • Egun zein dira zure erreferenteak?
    Gertatzen zaidana da batzuetan buruan dudan disko gogorra beteegia egongo balitz bezala sentitzen dudala. Zahartzen noan heinean, nahiz eta musika asko entzun, ezusteko bat hartzeko aukera jaitsi egiten da. Pertsonalki azkenaldian ezusteko handiena eman didana Kate Tempest izan da. Asko gustatzen zaidan artista da eta sekulako gogoa dut zuzenean ikusteko. Bere azken diskoa askotan entzuten ari naiz eta Berri Txarrakekin zerikusirik ez izan arren, iruditzen zait letrak sekulakoak direla. Diskoak duen atmosfera ez da spoken word, baina ez da hip hop normala ere, hitzak berak eramaten zaitu, erritmoa bera hitza da.

 

ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURRI NAHI BADUZU...
EROSI AZAROKO ZENBAKIA GAZTEZULO DENDAN edo online irakurri harpidetza digitalarekin!