Gurasoekiko harremana etetea gero eta ohikoagoa da Estatu Batuetan

Abusua, onarpenik eza edota bateraezinak diren ideologiak izaten dira askotan banaketa horien arrazoiak.

Euskal Herrian familiak pisu handia du eta haren bueltako harremanak, besteak bezalaxe, konplexuak izan daitezke. Batzuetan sendia idealizatzeko joera izaten da, baina harreman guztiak ez dira osasuntsuak izaten guretzat, eta batzuetan familiakoekin ditugun harremanak disfuntzionalak izaten dira.

Hori dela eta, geroz eta gehiago hitz egiten da familiako kideekin harremana eteteaz, harreman horiek toxikoak direlako eta kalte egiten digutelako. Estatu Batuetako Drake unibertsitateko Jeanette Tran-ek egindako ikerketaren arabera, geroz eta gazte gehiago dira gurasoekin "zero kontaktu" izatea erabakitzen dutenak. Heldu batzuek euren gurasoekin duten harremana baztertzen dute urtetako abusuaren ondoren, edota ez dutelako onartzen LGTBQ+ komunitatekoa izatea. Politika zein erlijio ikuspegi eta sinesmenek ere eragiten dute urruntzea. Euren burua emozionalki babesteko modua da, eta euren osasun mentala zaintzeko bidea.

Gurasoekin harremana eteteak, beste gai askok bezala, aldeko eta kontrako iritziak eragiten ditu. Batzuen ustetan, harreman ez osasuntsuetatik askatzeko aukera izan beharko genuke, errurik edo lotsarik sentitu gabe, eta bestelako harremanetan ditugun irizpide berak izan beharko genituzke kontuan familiakoen kasuan ere. Beste batzuen iritziz, ordea, familiako gertaerak edo jokaerak errazegi hartzen dira traumatikotzat, eta harremana alde batera uzten duten horiek berekoitzat jotzen dituzte.

Familiak gure gizartean duen garrantzia dela eta, gurasoekin eteteak bakardadea, mina eta estigmatizazioa ere ekar lezake. Harremanetan mugak jartzea beharrezkoa da ordea, eta beste biderik topatu ezean, gure ongizateari lehentasuna ematea ere beharrezkoa da. 

Zer iritzi duzu zuk?