Gure Zirkua, lehenbizikoz Lapurdin

Datorren irailean iritsiko dira Kanbora!

Gaur, hilak 28, salgai jarri dituzte Gure Zirkuak Lapurdin egingo duen emanaldirako sarrerak. Lehenbiziko aldia izango da Gure Zirkuaren karabana Lapurdira eta oro har Ipar Euskal Herrira iritsiko dena, Seaskarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean. Hala, irailaren 19tik 22ra bost emanaldi eskainiko dituzte Kanbon.

Iazko biran 25.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkuak bigarren birari ekin zion joan den maiatzean Oiartzunen. Harrezkero Gipuzkoan ezezik Araban eta Bizkaian ibili da aurten euskal zirku ibiltaria; eta Nafarroan sartu aurretik, Gure Zirkua ilusio handiz iritsiko da Ipar Euskal Herrira; hain zuzen, aurten Gure Zirkuak bere buruari jarri zion asmo nagusietakoa izan da mugak zabaldu eta bere ikuskizuna oraindik iritsi gabeko eskualde eta lurraldeetara eramatea.

Hala, Kanbora Poxpolo pailazoa, Don Martin aurkezlea, Garazi kable gaineko dantzaria, Elene eta Iraitz trapezistak, Asier magoa, Ane Miren bihurrikaria, Koldo eta Irati lurreko dantzariak, Ekain malabarista, Ibon eta Unai musikariak, eta Gure Zirkua osatzen duten troupe-ko gainerako kideak datorren hilean iritsiko dira Kabora. Sarrerak eskuratu!