Halloween; ospatu behar al dugu?
AEBetan horren ezaguna den Domu Santu egun bezperako festa mundu osora hedatu da, baita Euskal Herrira ere; dena den, ohitura hau ez da uste dugun bezain arrotza!
Urtez-urte, geroz eta haur gehiago mozorrotzen dira gaurko egunean. Arimen gaua dugu gaur, eta beldurtzeko jantzi, saskia hartu, eta ate-joka ibiltzen dira batetik bestera, "saria ala ziria!" oihukatuz. Atea irekitzen duten askok oraindik ez dute tradizio hau besarkatu, eta zur eta lur gelditzen dira maskarekin mozorrotutako haur kuadrilla batek goxokiak eskatzen dizkienean.
Askoren ustez, AEBetatik etorritako "moda" bat besterik ez da Halloween, gure ohiturekin zerikusi gutxi duena. Domu Santuko eguna betidanik ospatu dugula jakina da, baina arrotz egiten zaigu kalabaza eta sorgin kutsuko festa. Dena den, Halloween ez da uste dugun bezain urruna guretzat; Euskal Herriko hainbat txokotan ospatzen zen duela urte batzuk.
Dantzan atariko idazle Oier Araolazak ikerketa egin zuen duela urte batzuk, eta gauza harrigarri bat topatu zuen; gure aiton-amonek kalabazak husten zituzten, ondoren barruan kandelak sartu, eta bidean jarrita, jendea beldurtzeko (It: dantzan.eus). Beraz, Araolazaren esanetan, Halloween ez da ohitura arrotz eta ezezagun bat guretzat. Oraindik ez diguzula sinisten? Ez galdu Oier Araolazak Eibar.org atarian idatzitako beste sarrera hau: Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV).
Eta ez hori bakarrik; Ahotsak atariak ere duela pare bat urte honako erreportajea grabatu zuen, informazio hau bilduz: "Gaur egungo gehienontzat harrigarria bada ere, 1950. hamarkadara arte, gutxienez, gure herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen, gure nagusiei egindako elkarrizketetan makina bat aldiz entzun dugunez. Hona hemen lekukotasunetako batzuk, Orion, Bermeon, Urnietan, Oñatin eta Elduainen jasotakoak":
Hori bai, uka ezina da ohitura honen inbasioa; gurean galduta bazegoen ere, urtetik urtera sekulako indarra hartzen joan da, eta egun, haur gehienek ospatzen dute (eta baita gurasoek ere). Filmek, telesailek... kultura globalizatuak festak globalizatu ditu. Orduan, ospatu behar al dugu Halloween? Hildakoen Egunean festa egin nahi baduzu, zergatik ez? Ondo pasatzea da garrantzitsuena!