Harrapatu eklipsea zure smartphonearekin
Abuztuaren 21ean eguzki eklipse totala biziko dugu. Zure sakelako telefonoko kamerarekin erretratatu nahi baduzu, egin jaramon ondorengo aholkuei:
Datorren astelehenean erabateko eguzki eklipsea izango dugu, historikoa, ez baita halakorik errepikatuko 2019ko uztailaren 2ra arte. Batez ere Estatu Batuetan izango da ikusgarria, horregatik batailatu dute ‘Amerikar Eklipse Handia’ izenaz, eta gehienez bi minutu eta 40 segunduz luzatuko da. Europan partzialki bakarrik ikusiko dugu.
Argazkilari profesionalek urteak daramatzate halako fenomenoak argazkitan ahalik eta fidelen eta modu ikusgarrienean jasotzeko teknikak fintzen, ez baita gauza erraza. Hala ere, badira zenbait irizpide, egunsentiak eta ilunabarrak erretratatzeko ere lagungarriak izan dakizkizukeenak.
Baliteke data berezi honek zu leku egokian harrapatu izana baina eklipsea erretratatzeko smartphonea besterik ez izatea eskura... Hala bada, kontuan izan telefono guztietako kamerak ez direla berdinak eta badirela zenbait modelo honetarako bereziki egokiak. Antza, iPhone 7, Google Pixel, Samsung Galaxy S8 eta OnePlus 5 telefonoek dituzte halako argazkiak egiteko kamera egokienak.
Zure smartphonea behar bezala konfiguratu:
- Flasha eta enfoke automatikoak desaktibatu. Bestela, telefonoa eklipseari begira jarri bezain pronto, autoenfokatzen ahaleginduko da, kateatuta geratuko da eta... agur argazki desiratua!
- Esposizioa murriztu. Egungo telefono gehienek kamera barrura sartzen den argi kopurua kontrolatzeko aukera eskaintzen dute.
- Iragazki bat jarri. Sinpleena, kameraren lentea eguzki-iragazki batekin estaltzea da. Hartara, lentea babesteaz gain, eguzki-diskoa modu garden eta argiagoan erretratatuko dugu.
- Tripodea erabili. Ez dio axola txikia bada ere. Garrantzitsuena sendoa izatea da eta, jakina, oinarri lau batean ezartzea. Emaitza askoz hobea izango da.
- Lente extra bat erabili. Gure mugikorretako kamerek defektuz dakarten zoomaren gaitasuna mugatua da. Argi-koroaren detaileak harrapatu nahi badituzue, lente extra bat jartzeak lagunduko dizue.
“App baten laguntza edukitzea ondo legoke” pentsatu baduzu... zorionekoa zara! Total Solar Eclipse 2017 aplikazioa sortu dute, eta Android nahiz Apple-erako eskuragarri dago jada.
Eta noski... kokapen egokia bilatu. Lainorik gabeko zeru-tartea aukeratu, hiriko argi artifizialetatik urrun. Zauden lekuan zaudela, eklipsea erabatekoa nahiz partziala izan, gogoratu ilargiak ez duela inongo momentutan eguzkitiko argia zeharo estaliko eta, beraz, komeni da betaurreko bereziak janztea.