Harrera Aurrera, Iruñerrian

Harrera Aurrera, Iruñerrian Etxebizitza eskubidea eta etorkinen harrera uztartzen dituen eztabaida, aisialdi eta borrokarako espazioak sortzen dihardute hilabete osoan zehar https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harrera-aurrera-irunerrian/@@download/image/Harrera_Aurrera_2.jpeg
2017/08/10
albiste-laburra
Etxebizitza eskubidea eta etorkinen harrera uztartzen dituen eztabaida, aisialdi eta borrokarako espazioak sortzen dihardute hilabete osoan zehar
Harrera Aurrera, Iruñerrian

Lehenago elkarlanean aritu izan diren SOS Nafarroa eta hIREKIn eragileek Mugen Kontrako Ekintzaileekin indarrak batu dituzte abuztu osoan zehar Harrera Aurrera izenaz aurkeztu duten ekintza-programa garatzeko.

“Arrazakeriaren aurkako jarrerak ezkerreko eragile politiko guztien baitan egon behar du, baina ez hitzetan soilik, praktikan baizik”; ideia horrexek batu ditu. Etxebizitza eskubidea eta etorkinen harrera ardatz hartua, eztabaida, aisialdi eta eraikuntzarako gunez eta unez betetako egutegi zabala gauzatzen ari dira hilabete osoan zehar. “Arrazakeriaren aurkako ideia agenda politikoaren erdigunean jarri nahi dugu”, diote.

Gaur, esaterako, (hilak 10) PAH-ko kideak (Plataforma de Afectados por la Hipoteca) ariko dira Errotxapeako gaztetxean 19:00etatik aurrera eskubideen berreskurapenari buruz hausnartzen. Bihar Melillarako Karabanako parte-hartzaileekin tertulia antolatu du Mugak Zabalduz ekimenak (21:00etan Errotxapeako gaztetxean). Hurrengo egunetan, besteak beste, Berlineko babes-eskatzaile zenbaitek, Bartzelonako La Tomaquera plataformako kideek eta United Africako ordezkariek hartuko dute parte; azken hauek feminismoaz eta islamaz jardungo dira.

Eztabaidarako ez ezik, aisialdirako tarteak ere zabaldu nahi dituzte. Horregatik, abuztuaren 15ean Afari Mundiala egingo dute 19:00etan Zabaldin, eta hilaren 19an txirrindula martxa abiatuko dute Gobernu Delegaritzatik.