HASIER LARREA: “Ez gara produktu on bat sortzearekin konformatzen, espazioen inguruko iraultza baten atzean egon nahi dugu”
Ori Living, Hasier Larrea ingeniari donostiarrak sortutako enpresak, eta IKEA altzairu enpresa suediarrak kontratua sinatu dute aste honetan. Elkartasun horren harira, aurki Rognan altzairu robotizatuak jarriko dituzte salgai. Baina, nor da espazioen erabileraren iraultza hasi duen donostiarra? GAZTEZULOn duela bi urte elkarrizketatu genuen, Forbes zerrendako kide egin zutenean, hain zuzen.
[2017ko uztaileko GAZTEZULOko protagonista]
Hasier Larrea Tamayo (Donostia, 1988) Gasteizen jaiotako donostiarra da. Industria Ingeniaritza eta urte hasieratik Forbes zerrendako kide. 29 urterekin espazioen erabileraren iraultza eragitea du misio. Horretarako, Ori izeneko sistema sortu du, orain arte ezagututako bizimodu-paradigma guztiak hautsiko dituen altzari robotizatuak.
Urte hasieran Forbes zerrendan azaldu da zure izena, industria eta manufaktura arloan 30 urte baino gutxiago duen pertsona berritzaileenen artean. Zer ekarri dizu honek?
Egia esan, praktikan ez dit aldaketa handirik ekarri. Forbes zerrendan azaltzeak errekonozimendua ematen du eta gauzak ondo egiten ari garela esaten digu. Azken batean enpresa berri bat martxan jartzen denean zure proiektua dudan jartzen duten eszeptiko asko egoten dira inguruan. Esango nuke Forbes zerrendan azaltzea beste ezer baino gehiago, bultzada psikologiko handia izan dela.
Ori sistemaren ideiaren bila zenbiltzan ala zugana iritsi zen ameslarien antzera?
Ideia nigana etorri zen. Eta esango nuke ameslaria baino, berrikuntzaren munduan interpolazioak egiten direla, hau da, puntu edo arazo ezberdinak detektatzen dira eta teknologia kontuan hartuta, azkenean konbergentzia puntuak topatzen dira, soluzioak.
Eta zein momentutan konturatu zinen egungo erronka horrentzako soluzioa topatu zenuela?
Ez pentsa egun batean jaiki eta bonbilla piztu zitzaidala –barrez–. Esan bezala, ni esploratzaile bat naiz eta arazo edo puntuen arteko interpolazioa bilatzera dedikatzen naiz. Donostiako Tecnun Ingeniarien Eskolan ikasi nuen eta gerora, 2011n ikertzaile lanetan hasi nintzen Bostoneko MIT Media Laben. Bertan hirietan espezializatutako departamentu bat zegoen: kotxeen inguruen ikerketa, etxeak, urban farminga... Taldearekin eta irakaslearekin elkarlanean konturatu nintzen arkitektura mundua eta teknologiarena oso separatuta egon direla urte askotan.
Ori sistemak robotika eta arkitektura batzen ditu, erabilera anitzeko espazioak eskaintzeko. Logistikoki erraztasunak ematen baditu ere, ez al du eguneroko bizitzan estilo aldaketa bat eskatzen?
Gaur egun egiten dugun ekintza bakoitzeko espazio bat behar izaten dugu: logelan lo egiten dugu, sukaldean kozinatu, bulegoan lan... Erromatarrek hala egiten zuten duela 2.000 urte, baina orain ez gara erromatarren garaian bizi eta beste erronka berri batzuei aurre egin behar diegu, besteak beste, urbanizazio masiboaren arazoari. Egoera honen aurrean bide eta teknologia berrietan pentsatu behar da. Kotxe fabriketan eboluzionatzen ari diren heinean, mundu inmobiliarioan, duela 100 urte egiten ziren gauza berberak egiten jarraitzen dute gaur egun. Konbergentzia hori ikusi genuenean galdetu genion geure buruari: Zer gertatuko litzateke paradigma aldatuko bagenu?
Hainbeste urte modu batean bizitzera ohituta, espazio aldagarri bakar batean bizitzen ikasteko egokitzapen prozesu bat beharko da...
Euskal Herrian bizi den testuinguruagatik halako proiektuak ulertzea ez da erreza izaten, hemengo jendeak uste baitu Donostia garestia dela. Baina, beste testuinguruetan errealitatea zeharo ezberdina da: Bostonen, New Yorken edo San Frantziskon adibidez, 40m²ko apartamentu batek hilean 3.000€ balio du. Bai, hi-le-ro. Beraz, gaztea bazara eta hirian bizi nahi baduzu, erabaki bat hartzeko momentua iritsiko zaizu.
Zein da zure amets profesionala?
Nire ametsa ez da sistema honen bizpahiru milioi saltzea, Japonia edo Hong Kongeko hotel batera joan eta altzarien atzean ‘POWERED BY ORI’ idatzirik ikustea baizik. Horrek esan nahiko du diseinatzaile eta arkitektoei mugarik gabeko botere edo tresna bat eman diegula. Azken batean, ez gara produktu on bat sortzearekin konformatzen, espazioen inguruko iraultza baten atzean egon nahi dugu.
Nola uste duzu izango dela etorkizuneko hiria?
Etorkizuneko hiria duela 100 urteko Paris izango da. Bertan oso gauza kuriosoa gertatzen da, ez baitakizu zentroa non dagoen. Garai batean multzoka sortu zen, auzo bakoitza herri txiki baten antzera. Horregatik, gune txiki baten zentrotik bestera oinez 20 minutuko distantzia baino ez dago. Horrek kotxearen beharra esaterako, ez du hainbesteko zentzurik. Nik neuk ez dut kotxea izateko beharrik. Esan bezala, pertenentzien mundua atzean geratu da eta gaur egun etxea eta kotxearen ordez, mugikorra eta portatila dira gure altxorrik preziatuenak.
[...]
ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURRI NAHI DUZU?
ALDIZKARI DIGITALAREN TXOKOAN TOPATUKO DUZU!
EGIN HARPIDETZA DIGITALA!