Hauek dira munduko moda erakunde kutsakorrenak
Moda da munduko industriarik kutsakorrenetako bat. Ur kopuru izugarria kontsumitzen du eta hondakin kopuru itzela sortzen du. Atmosferara igortzen den karbonoaren %10 ingururen arduradun zuzena da. Noski, honi irtenbidea eman nahian, ikuspegi jasangarriagoa duten markak sortzen ari da, eta multinazional erraldoik askok baieztatzen duten euren karbono lorratza murrizteko ahaleginetan dabiltzala. Ez dirudi, ordea, nahikoa denik. Visual Capitalist atariak bildutako datuek 2022ko kopuruak bildu dituzte grafiko batean, erakutsiz, sektoreko marka ezagun batzuk izugarri kutsatzen jarraitzen dutela.
Nike dago zerrendaren buruan. Bai, bere arropa bikaina da eta izugarri erosoa, baina erakunde honek, urtero, 18 milioi tona dioxido karbono igortzen ditu atmosferara. Lehen postutik oso hurbil Inditex dugu 17,7 milioi tonarekin: Zara, Berskha, Pull&Bear… bai, beti jendez goraino egoten diren fast fashion denda horiek. Lehen postuetako bi erakundeak dira, aldez, planetarentzat kutsakorrenak. Baina lehia gogorra dute azpian. Hirugarren postuan Adidas dago: 2022an 7,7 milioi tona CO2 jaurti zituen eta, laugarren postuan, H&M 7,6 milioi tonarekin. Lau erakunde hauek soilik nahikoa dira krisi klimatikoa larriagotzeko.
Nondik dator kutsadura guztia?
Beste marka handiek ere ez dute laguntzen, ordea, eta honela osatzen da hamarreko zerrenda: LVMH (6,9 milioi), Fast Retailing (6,2 milioi), Kering (2,9 milioi), Cintas (1,8 milioi), Lululemon (1,7 milioi), TJX (1,2 milioi) eta Ross (0,6 milioi). Bitxiena da, Visual Capitalist-ek burututako taulan irismen mota ezberdinetako erakundeak daudela eta hirugarren motakoak direla CO2 tona gehien igortzen dutenak eta beraz, arriskutsuenak. Zer esan nahi du honek? Erakunde hauen igorpen nagusiak kontrolatzen ez dituzten zeharkako prozesuetan sortzen direla.
Izan ere, neurtzen zailagoak diren zenbakiak dira. Zaila da neurtzea zenbateraino kutsatzen duten zeharkako prozesuetan. Beharbada grafikoak dioena baina gutxiago, baina litekeena da askoz ere gehiago kutsatzea, eta hor dago arazoa. Argi dagoena da, modaren industriak bere filosofia birpentsatzeko beharra duela, baina baita kultura sozialak ere: etengabe arropa erostearen jokabidea suntsigarria da.