Haurrek bideo-jokotan jolasten duten denbora mugatu du Txinak: Astean hiru ordu

Haurrek bideo-jokotan jolasten duten denbora mugatu du Txinak: Astean hiru ordu Ordubete egunean eta soilik ostiral, larunbat, igande edota jaiegunetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/haurrek-bideo-jokotan-jolasten-duten-denbora-mugatu-du-txinak-astean-hiru-ordu/@@download/image/_120331727_videogames.jpg
2021/09/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ordubete egunean eta soilik ostiral, larunbat, igande edota jaiegunetan.
Haurrek bideo-jokotan jolasten duten denbora mugatu du Txinak: Astean hiru ordu

Hori da 18 urtetik beherakoek Txinan bideo-jokoetara jokatzeko izango duten tarte bakarra gobernuak iragarritako arau berrien arabera. Gazteentzat "opio espirituala" dela iritzi du herrialdeko agintaritzak. 

Neurri berrien arabera, hiru egun izango dituzte gaztetxoenek bideo-jokoetan jolasteko eta ordu zehatzak ere zehaztu dira: gaueko 8etatik 9etara. Ordu gehigarri bat gehitzen da jai egunen bat tarteko baldin bada. Erregulazio hauek Txinako gobernuak gizartearen kontrol gehiago izateko ezarri dituen neurrietako bat gehiago da. 

Erregulazio berriak
Neurri berri hauen aurrean, bideo-joko erakundeek debekatua izango dute euren zerbitzuak adin txikikoei eskaintzea ordutegi horietatik eta egun horietatik at. Egiaztapen sistemak ezarri beharko dituzte, gainera, adin txikikoak dokumentuak faltsutuz sartu ez daitezen. 

Gobernuak adierazi du online bideo-jokoak sortzen dituzten erakundeei ikuskatze gehiago egingo zaizkiela arauak betetzen dituztela ziurtatzeko eta adikzioaren aurka borrokatzeko lanean ari direla ziurtatzeko. Izan ere, gobernuaren esanetan neurri hauen helburua adin txikikoen osasun fisiko eta mentala modu eraginkorrean babestea da. 

"Nerabeak gure herrialdearen etorkizuna dira. Hauen osasun fisiko eta mentalaren babesa gure herriarentzat lehentasuna dira", adierazi du funtzionario batek. Bidenabar, Txinako agintariak Alibaba Group eta Tencent Holdings bezalako teknologia erakunde erraldoiak mugatzen ere saiatu dira. 

Pasa den uztailean, Tencent erakundeak helduz mozorrotutako haurrak atzemateko aurpegi errekonozimenduko funtzioa txertatu zuen bere sisteman. Gobernuaren datuen arabera, adin txikikoen %62 inguru bideo-jokoetan online aritzen da eta %13,2 mugikorren bitartez, bi orduz egunean.