HEDABIDE BERRI BAT JAIO DA: BEITU!

HEDABIDE BERRI BAT JAIO DA: BEITU! Nola iritsi mugikorrera itsatsita dauden nerabeengana? GAZTEZULOk proposamen berria aurkeztu du Donostiako Convent Gardenen egin duen ekitaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hedabide-berri-bat-jaio-da-beitu/@@download/image/Beitu_aurkezpena_22.jpg
2017/11/07
berria
Nola iritsi mugikorrera itsatsita dauden nerabeengana? GAZTEZULOk proposamen berria aurkeztu du Donostiako Convent Gardenen egin duen ekitaldian.
HEDABIDE BERRI BAT JAIO DA: BEITU!

GAZTEZULOk proiektu berri bat aurkeztu du gaur: BEITU! gazteentzako komunikabide digitala! BEITU! plataformaren erabileraren eta gainontzeko datuen inguruan azalpen guztiak eman ditu gaur, hilak 8, Donostiako Convent Garden espazioan, 11:00etan. Bertan izan dira Zuriñe Maguregi GAZTEZULOko zuzendaria, Telmo Trenado eta Ane Atxutegi youtuberrak eta baita Mr. Euskaldun ilustratzailea ere. Baina, zer da BEITU!?

 

 

NERABEENTZAKO HEDABIDE BERRI BAT JAIO DA

BEITU! nerabeei zuzenduriko hedabide digitala sortu du GAZTEZULOk. 14-18 urte bitarteko gazteentzako diseinatuta, aisialdiarekin lotutako euskarazko edukiak jasoko dituzte mugikorrean zuzenean. Helburua? Gazteek aisialdian kontsumitzen dutena euskaraz eta eskura jasotzea.

Azken hamarkadetan gazteen euskara maila hazi bada ere, erabileraren bilakaera ez da horren nabarmena izan. Hedabideok badugu horretan ardura, adin guztietako gazteengana iristeko bidea esploratzeke baitago. Sare sozialak etengabeko informazio eta aisialdi iturri bilakatu dira nerabeen artean eta mugikorra da aisialdi honen kontsumorako erabiltzen duten gailua.

Bestalde, hizkuntza erabileraren inguruko ikerketek diotenez, gazteek denbora librean kontsultatzen dituzten edukien artean euskarak ez du ia presentziarik eta gaztelania eta ingelesezko edukien bilaketak, ordea, gora doaz. Horregatik, belaunaldi berriei egokitutako proiektuak garatzeko premiaren aurrean BEITU! sortu dugu, gazteek kalitatezko euskarazko edukiak eskainiko dizkien komunikabide digitala.

 

BEITU! GAZTEEK GAZTEENTZAT SORTUTA

Zer da BEITU! zehazki? Kontuz, ez baita aplikazio bat. Teknologia berrietara egokitzen den plataforma digitala da; hilero, izena eman duten gazteek WhatsApp bidez beren mugikorrean jasoko dituzte beraiek kontsumitzen dituzten aisialdi gaiekin lotutako edukiak, hala nola, elkarrizketa labur eta dibertigarriak, bideoak, umorea, sexu eta drogen inguruko kontsultak –modu pribatuan egiteko aukera eta adituek eskainitako zerbitzua–, lehiaketak… Baina beti modu entretenigarrian eta hizkuntza argia eta zuzena erabiliz.

Kolaboratzaile sare bat osatzeko helburua ere badu BEITU!k, gazteek gazteentzat sortutako plataforma izan dadin. Besteak beste, Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak, Mr. Euskaldun ilustratzailea, Xabi Martin iparra.eus proiektutik… gurekin kolaboratzen ari diren gazte hauek primeran asmatu dute publiko gaztearekin konektatzen.

Bestalde, sare sozialen bidez, erabiltzaileek BEITU! osatzeko aukera izango dute, gustuko dituzten edukiak proposatuz. Instagrami esker –@beitu_insta– egunero BEITU!ren jarraitzaileekin harreman zuzena mantentzeko aukera dugu, euren interesak, iritziak eta zalantzak entzunez, eta norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantenduz. Landutako beste sare sozial bat Spotify da; bertan sortutako zerrendaren bitartez, euskal musika taldeen aldeko apustua eginez.

 

 

INFORMAZIO GUZTIA ATZAMARKADA BATEAN

BEITU! mugikorrean kontsumitzeko diseinatuta dago, eta eduki gehienek ikus-entzunezko formatua dute: bideo laburrak, sexu kontsultak, bideo-tutorialak, GIFak, memeak, argazkiak… Elkarrizketak eta erreportaje laburrak ere eskaintzen ditu, eta kolaboratzaile gazteen ilustrazio, bideo eta bestelako ekarpenekin osatzen da hilero, gazteen sormen plataforma bilakatuz.

 

BEITU! ZENBAKITAN

Euskal Herri osoko 20 udal eta mankomunitateren babesa du BEITU!k momentu honetan. Udalerri eta mankomunitate horien errealitatea oso anitza da: Donostia eta Iruñea hiriburuetatik hasi eta Bortzirietako mankomunitateraino.

Izan ere, Donostia izan da BEITU! proiektu pilotua martxan jartzeko apustua egin duen lehenengo udalerria eta iaztik Donostiako Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean aritu gara egungo gazteen kontsumo ohitura berrietara egokitzeko asmoz. Haiei elkarlanari esker, milaka gazteek BEITU! jasotzen dute hilabetero.

Egun, 50 ikastetxe baino gehiagorekin gabiltza elkarlanean, eta azken hilabetean 500 izen-emate berri izan ditugu. Sare sozialetan ere geroz eta gehiago zabaltzen ari da @beitu_insta profilaren bidez eta dagoeneko 1.000 jarraitzailera iritsi gara.

 

NOLA JASO BEITU!

BEITU! hilero jaso ahal izateko, izena eman behar da. Hau doakoa da, eta bi modutara egin daiteke: Instagram kontuko portadan azaltzen den estekan klik eginez edo zuzenean www.gaztezulo.eus/beitu orrialdean sartuz. Behin harpidetza eginda, erabiltzailea BEITU! komunitatearen kide izango da eta hilero WhatsAppean jasoko du. Gustuko dituzten edukiak klik bakarrean eta lagunekin partekatzeko prest!

 

BEITU! FESTA

BEITU! ezagutzera emateko zein dagoeneko parte hartzen diren gazteen arteko komunitatea sortzeko asmoz, azaroaren 24an BEITU! festa antolatuko dugu Iruñeko Gaztediaren Etxean arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Euskara eta Gaztedia sailaren eskutik. Jaialdi honetan, gaztetxoek hainbat joko eta probetan parte hartuko dute eta opari zoragarriak lortuko dituzte: paintball gerra batean parte hartzeko aukera, escape room batetik ihes egiteko abentura bizitzea, tirolinetan botatzeak sortarazten duen zirrara probatzea… Festa honetan, fotomatoi bat izango dute argazki dibertigarriak ateratzeko eta zuzeneko musika eskainiko du Iruñeko talde gazte batek.

 

 

BEITU! KOLABORATZAILE BILA DABIL

Gazteek gazteentzat egindako komunikabidea denez, talentu bereziren bat duten gazteen bila dabil BEITU! eta horretarako lehiaketa jarri du martxan. Ilustratzailea, magoa, gamerra, youtuberra, marrazkilaria, abeslaria, makillatzailea, umorista... direna direla, beren abileziak munduari erakutsi nahi dieten gazteek lekua dute BEITU!n. Parte hartzeko, beren afizioa kontatu besterik ez dute egin behar, gurekin kontaktuan jarriz beitu@gaztezulo.eus emailaren bitartez.