Hedoi Etxarte: Hitz gutxi, baina ez hutsalak

Ideiak argi ditu Hedoi Etxartek (1986, Iruñea), kritikoa eta zorrotza da. Biolinean lizentziatua da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta Itzulpengintza eta Interpretazioan Euskal Herriko Unibertsitatean.



Biolinjole den idazle (edo idazle den biolinjole) honek musika munduan ere hainbat lanetan parte hartu du. Zenbait genero literario landu ditu Etxartek, besteak beste Frantzian ezaguna den Gaston Lagaffe gaztearen komikia ekarri du euskarara, Alain M. Urrutiarekin batera Ihes ederra (2009) lehen euskal irudi-eleberria sortu du eta poema-liburu parea argitaratu dizkio Susa argitaletxeak.

Esna irakurtzeko poemak dira, lagunekin, burkideekin kalera atera eta eztabaidatzekoak orain dela gutxi argitaratu den Sinplistak (2012) liburukoak. Liburua bezala liburuaren mitin tankerako aurkezpena ere esna entzun eta ikustekoa da: "Sinplistak ez da Iberdrola dorrea hartzeko prest ez dauden horientzat", "hilean hiru mila euro irabazten dutenek ez dute ulertzen, nahiz eta mileuristen kolegak izan nahi duten". Liburu oso soziala eta zuzena da, izenburutik hasita. Sketx txiki bihurtutako poemetan kontatzen ditu izen-abizenak dituzten edo alfabetoko letraz izendatuta dauden pertsonaia anonimoen eguneroko egoera errepikakorrak.

Suzko lilia (2008) lehen poema-liburuan estilo surrealista da nagusi eta ez du gai nagusirik, abstraktua da; bigarrenean, aldiz, estilo zuzenagoa erabiltzen du gaur egungo bizimodu sinplistaren kontakizuna egiteko. Liburu honetan amodioaz, sexuaz, lanaz, langabeziaz, kulturaz, gizarteaz, ideologiaz, politikaz, borrokaz ari da Etxarte, eta horretarako hitz gutxi erabiltzen ditu, ez horregatik hutsalak.

Bibliografia


Suzko lilia (2008, Susa)
Ihes ederra (2009, Alberdania)
Sinplistak (2012, Susa)