Hemezortzi artista gazteren lanak ikus daitezke Basauriko Ertibil Bizkaiaren erakusketan

Erakusketa ibiltaria urriaren 3ra arte izango da bertan, eta Igorrera joko du ondoren.

Ertibil Bizkaia Arte Bisualen Erakusketa Ibiltariak Basaurin hasi du ibilbidea. Bizkaian bizi eta lan egiten duten hemezortzi sortzaile gazteren lanak bildu dituzte Ariz dorrean kokatutako erakusketan. Askotariko artelanak daude bertan: instalazioak, margolanak, bideoa, eskultura eta argazkigintza.

Aurten, 149 eskaera jaso ditu Ertibilek eta horietatik 18 hautatu dituzte. Ertibil Bizkaia 2024 sarituetan lehena Leo Burge (Londres, 1991) izan da, Entre murmullos y cabello lanarengatik. Zortzi marrazkiko bilduma bat da, espazio multidimentsional batean marra eta zatien arteko fusioa esploratzen duena. M. Benito Pirizek (Durango, 1992) lortu du bigarren saria, Abrazo lanarekin, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketarekin. Lucia Jayo Altamiranok (Gasteiz, 1999) jaso du hirugarren saria, You' ll Never Guess lanarekin. Argazki proiektua da, irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioa desafiatzen duena.

Gainerako artista sarituen lanak ere ikus daitezke: Tana Garrido Ruiz (Tarragona, 1989), Maider Gonzalo Salceda (Erandio, 1994), Angela R (Burgos, 1994), Jon Ander Terroba (Galdakao, 1996), Ane Diez de Ulzurrun (Iruñea, 2001), Hodei Herreros (Gasteiz/Granada, 1997), Idoia Leache (Iruñea, 1999), Julia Martos (Kordoba, 1989), Victor Ortuño (Yecla, 1995), Aida Valdes (Gijon, 2000), Ane Berganza (Bilbo, 1999), Unai Cardoner  (Bartzelona, 1999), Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne Gonzalez & Eva Raya.

Urriaren 3ra arte izango da erakusketa Basaurin, eta Igorreko Lasarte aretoan egongo da gero, urriaren 5etik 31ra. Ondoren Deriok hartuko du erakusketa, azaroaren 4tik abenduaren 2ra, eta, azkenik, Zornotzako Zelaieta Zentroan izango da abenduaren 3tik 30era.