'Hil Kanpaiak’: baserri giroko drama ilun paregabea
Zinema beltza eta tragediaren artean nabigatzen duen film aparta. Imanol Rayo bere bigarren film luzearekin itzuli da eta isilune eta euste ariketa bikaina burutzea lortu du. Javi Agirreren argazki zuzendaritza lan ezin hobearekin batera tragedia kutsua duen baserri giroko drama ilun paregabea egitea lortuz. 2020an ikusi dudan euskal filmik onena iruditu zait eta ostiral honetan bertan izango duzu ikusteko aukera, Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatzen baita.
Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritzen den filma da. Hezur batzuk azaltzen dira Garizmendi baserrian, eta Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari deitu diote hezurrekin zer egin erabakitzeko. Polizia azaldu baino lehen, ordea, hezur horiek desagertu eta hasieran misterioa zena tragedia bihurtuko da.
Ikusleek osatu behar dugun pelikula oso interesgarria da, protagonisten begiraden eta isiluneen bitartez eraiki behar dugun puzzle psikologiko moduan planteatua. Genero beltzaren elementuak erabiliz, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon González, Iñigo Aranburu eta konpainiaren begiradek, erakutsi baino gehiago, estali egiten dutela ere gehituko nuke. Estetikoki oso boteretsua da, atmosfera astunak, iluntasunak eta batez ere pertsonaien aurpegietako itzal beltz horiek, guztia inbaditzen baitute, kontakizunaren ezinbesteko elementuan bilakatuz. Ia eguzkirik gabeko filma da, eta zerurik ikusten ez dena; beraz ia guztia itzalen kontzeptuaren gainean eraikitzen da.
Eta nola ez kokalekua eta paisaiaren garrantzia. Nafarroako eta Gipuzkoako zelai berdeetan, kale hezeetan eta harrizko baserrietan errodatua egoteak berezko nortasuna ematen baitio pelikulari. Azkenean, eszenatokiak baino ez baitira geratzen, ederrak baina goibelak, eta pertsonaia tragiko horiek bertatik desfilatu beharko dute. Pertsonaiak joan-etorrian daude, baina kamera haien ekintzen aurrean sorgor geratzen da, epaitu gabe. Soinuak ere berebiziko garrantzia du kontakizunean, unibertso propio bat sortzen duela esango nuke, irudiak eskaintzen duenetik at; irudiarekin bakarrik ezingo genukeelako gertatzen denaren berri izan. Edertasun formal handiko eta narratiba ausarteko film oso interesgarria azken finean.