'Hitz Andana' jaialdia izango da bihartik aurrera Hernanin

'Hitz Andana' jaialdia izango da bihartik aurrera Hernanin Hitza, dantza eta musikaren bueltako emanaldiak egingo dituzte eta, larunbatean, Liburu eta Disko Azoka. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitz-andana-jaialdia-izango-da-bihartik-aurrera-hernanin/@@download/image/STM_Zaharrak_berri_HANDIA.jpg
2024/09/24
Hitza, dantza eta musikaren bueltako emanaldiak egingo dituzte eta, larunbatean, Liburu eta Disko Azoka.
'Hitz Andana' jaialdia izango da bihartik aurrera Hernanin

Hitz Andana jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu dute Hernaniko Udal Liburutegiak eta Dobera Euskara Elkarteak. Hitzaren inguruan osatutako egitaraua prestatu dute, "hitzak begietatik baino, beste modu batzuetara herritarrengana helarazteko helburuz".

Jaialdia Hiru podcast proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da. Hitzordua bihar izango da, 19:00etan, Biteri Kultur Etxean. Miren Gojenolak zuzendu du proiektua. Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek istorio bana idatzi dute Hernaniko kale bat abiapuntu hartuta, eta horiek grabatu dituzte. Hiru idazleek euren ipuinak kontatuko dituzte, herriko bi musikarik lagunduta. Gainera, istorioak entzuteko aukera izango da urriaren 3ra arte, kultur etxean bertan. Horretarako ordua hartu beharko dela ohartarazi dute.

Ostegunean, berriz, Arineketan: zaharrak berri emanaldia izango da, 19:00etan, Biterin. Aiert Beobidek zuzendu du ikuskizuna eta dantza, musika eta hitzak uztartzen ditu. Oihana Iguaranen hitzak, Iñar Sastre, Jagoba Astiazaran eta Haatik dantza konpainia dira emanaldiaren parte. 

Azken emanaldia hilaren 27an izango da, 19:00etan, Biterin. Maite Larburu, Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaran izango dira oholtzan. Sonetoak 20 modutara ikuskizuna eskainiko dute. Harkaitz Canoren Pozaren erdia soneto-bilduma oinarri hartuta, hitz, hots, soinu, doinu eta kantuen arteko zirrikituetan barna jolasean arituko dira bi musikariak eta idazlea, molde klasikoetatik musika urbanora arteko txangoa eginez.

Liburu eta Disko Azoka larunbatean
Euskara hutsezko Liburu eta Disko Azoka egingo dute larunbatean, 11:00etatik 19:00etara, Atsegindegin. Hogeita bat postu izango dira azokan, eta hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Azoka irekitzean, Asier Kidam magoaren saioa izango da, eta eguerdiko 12:30ean, berriz, Ixabel Agirresaroberen ipuin-kontaketa. Liburuen aurkezpenak ere izango dira eguerdian. Bertso saioa literarioa egingo dute 13:15etik aurrera, eta Aldapeko Basque Latin Jazz taldeko lagunak arituko dira ondoren.

Arratsaldean, Zapotxin emanaldi musikala, liburu aurkezpenak, Konta ditzagun ipuinak familientzako tailerra, Gorka Olazabal Paxo umoregilearen bakarrizketa eta kontzertua izango dira.

Egitarauaren xehetasunak hemen kontsulta daitezke.