Hitzorduak zuk lotu beharrean, Adimen Artifizialak egingo balu?
Tokietara deitu eta informazioa eskatzeak edo hitzordua lotzeak gogaitu egiten bazaitu, etorkizunean beste alternatiba bat izan dezakezu.
Gure egunerokotasunean hainbat dei egin behar izaten ditugu eta zeregin pisutsua izan liteke. Jakina da, gainera, belaunaldi gazteek ez dutela telefonoz deitzea gustuko, eta nahiago izaten dutela beste norbaitek egitea, baita afaltzeko tokia hartzeko bada ere.
Google Adimen Artifiziala duen bot-a garatzen ari da, honen bidez saltokietan informazioa eskatu edo hitzordua hartzeko. Autoaren errebisioa egiteko, bazkaltzeko tokia hartzeko edo ile-apaindegian hitzordua lotzeko balioko du teknologia honek esaterako.
Probak egiten ari dira Search Labs izeneko laborategian; bertan probatzen dituzte Google-ko bilatzailean eransten diren funtzioak. "Ask for Me" ("galdetu nire partez") du izena funtzio berri honek eta esperimentu hauetan AAri enpresetara norbere izenean deitzeko eskatzen diote, zerbitzu baten truke zenbat kobratzen duten galdetzeko eta noiz izango den zerbitzua jasotzeko aukera.
Google bilatzailean "olioa aldatzea niregandik gertu" jarri eta betiko erantzunez gain, "Ask for me" botoia ere agertuko da. Hala, Google-k tokiko zerbitzuetara deituko du prezioez eta hitzordu aukerez galdetzeko. Hitzordua lotzeko formularioa bete beharko da, eta laburpen bat izango du eskaera bidali aurretik begiratzeko.
Zerbitzu honek bere erronkak ere baditu. Izan ere, saltoki edo negozioek Googlen iragarki automatiko bidezko deia jasoko dute, erabiltzailearen izenean deika ari direla zehaztuz. Litekeena da deirik ez hartzea edo adimen artifiziala dela konturatzean, deia moztea, spam-a edo iruzurren bat dela pentsatuta. Honek ere ohitura edo denbora beharko du beraz.
Oraingoz Estatu Batuetan eta ingelesez bakarrik erabil daiteke. Proban dagoen esperimentua da, eta emaitza onak izanez gero, zabaldu egingo dute ziurrenik.