"Hobe sekula ez banu Tourrik irabazi"

Nola da posible munduko txirrindulari itzulirik handiena irabazteak zorigaitza baino ez ekartzea? Frantziako Tourreko protagonisten abenturak, harropuzkeriak, traizioak, pozak, balentriak eta sorpresak bildu ditu Ander Izagirrek ‘Beruna patrikan’ liburuan. Roger Walkowiaken istorioa dugu horien artean gogoangarrienetako bat.



 
1956. Bahamontes eta Walkowiak Gap eta Turin arteko igoeran.


Berrogei urtez isilik egon ondoren, Roger Walkowiakek berriz ere kamera baten aurrean hitz egitea onartu zuen. Etxeko egongelan, agure txiki hark ziklista garaiko pasadizoak errepasatzen zituen, eta, ile urdinduak eta zimurrak hantxe zeuden arren, kamerak haur lotsati baten aurpegi biribila ekartzen zuen gogora –ile kizkurra, belarri zabalak eta irribarre fina–; zehazki, 50eko hamarkadaren erdialdean, bat-bateko ospeak ikaratuta, Frantziako egunkari, aldizkari eta zine guztietara iritsi zen ume-aurpegi hura zen berriz ere argitara atera zena. Solasaldi luzea izan ostean, eta zenbait itzulinguru eman eta gero, kazetariak, kontu handiz, galdera bat hurreratu zuen Walkowiaken zaurira: 1956an irabazitako Tourrari buruzko galdera zen. "Sekula ez dut Tour hari buruz hitz egiten, emaztearekin ere ez". Aitorpen horren osteko isiltasun atezuan, kamera Walkowiaken aurpegira gerturatu zen. Aurpegia gorritu egin zitzaion astiro-astiro. Masailak dardarka hasi zitzaizkion, aurpegia ezker eskuarekin ezkutatu zuen, eta negarrari eman zion. "Inork ez daki zenbat sufritu nuen".

Berrogei urte lehenago, beldurrak jotako ume-aurpegi bera agertu zen telebistan: Tour hartako zortzigarren etapan, bere lehenbiziko maillot horia jantzi zioten Walkowiak ezezagunari, eta kamera hurbildu egin zitzaion. Txirrindulariak, deseroso, bizikletaren erradioen artean ezkutatu zuen begirada, eta burumakur erantzun zien galderei, baiezko keinua eginez. Kazetariak, Walkowiaken monosilaboekin pazientzia galtzen hasita, gertakari haren garrantzia gogorarazi zion, mutiko bati errieta egiten zaion moduan: "Roger, Frantziako Tourreko liderra zara. Milaka pertsona daude zuri begira, eta jakin nahi dute zer sentitzen duzun maillot horia jantzita". Walkowiakek aurpegira eraman zituen eskuak, eta hitz batzuk esan zituen zezelka: "Harrigarria da, ezin dut sinetsi gertatu dena, harrigarria da...". Orduan, kazetariak mikrofonoa utzi behar izan zuen, zeren, bat-batean, negar-zotinei eutsi ezinda, Walkowiakek besarkatu egin zuen. Txirrindularia negar eta negar ari zen, "harrigarria da, harrigarria da..." errepikatuz etengabe.

Askok pentsatu zuten emozioak jotako espiritu hura ez zela gai izango lidergoaren presioari eusteko. Baina kanpotik lotsa eta ikara nagusitzen bazitzaizkion ere, etorkin poloniarren seme frantses hark agoniarako gaitasun izugarria zeukan, eta pasio desesperatuz heldu zion horiari.

Urte hartan, Walkowiakek txirrindulari handien aginte falta aprobetxatu zuen. Izan ere, 1956ko Tourrean, hamarkada hartako lehenengo bost urteetako karrerista nagusiak falta ziren: besteak beste, Coppi, Bartali, Bobet, Kubler, Koblet, Geminiani eta Magni. Eta, artean, Anquetil agertu gabea zen, normandiarra urtebete geroago azaldu baitzen, bost Tour irabazteko bideari hasiera emanez. 1956 hartan, aldiz, pronostikoek Gaul, Bahamontes edo Nencini igotzaileak aipatzen zituzten, baina ziurtasun handirik gabe. Faborito argirik ez zegoenez, selekziorik indartsuenak –Frantzia, Belgika eta Italia– ez ziren tropela kontrolatzeaz arduratu. Eta egoera horretaz aprobetxatu zirenak talde txikiagoetako karreristak izan ziren; esate baterako, Frantziako eskualdeetako selekzioetan zebiltzanak, denak ere multzo arraroetan bildutakoak. Hain zuzen ere, txatalez osatutako talde haietako batean, Iparraldea-Ekialdea-Erdialdea izenekoan, Roger Walkowiak deitutako batek korritzen zuen, bere ibilbidearen hasieran detaile distiratsuren bat erakutsi zuena baina inork kontuan hartzen ez zuena pronostikoetarako.


1956. Walkowiak Saint-Étienne eta Lyon arteko etapan.


Txirrindulari apalek anarkia hura aprobetxatu zuten: Lorient-Angers etapan, maila txikiko 31 gizonek ihes egin zuten, eta hemezortzi minutuko abantailarekin heldu ziren helmugara. Haien artean zegoen Walkowiak. Hurrengo egunean, Angers eta La Rochelle artean, antzeko beste ihesaldi batean sartu, eta ordu laurden gehiago irabazi zuen: ordu erdiko abantaila zeukan faborito guztiekiko, eta ume baten moduan hasi zen negarrez milaka ikusleren aurrean, maillot horia eskuratu zuenean.    

Ordutik aurrera, Walkowiakek sekulako kalbarioa bizi izan zuen. Alde batetik, faboritoak, Tourra ia galduta zutela ikusita, erasoa erasoaren atzetik jotzen hasi ziren; eta, bestetik, etengabeko mespretxua jasan behar izan zuen lider izateagatik: kazetariek zioten Walkowiak maillot horiaren jabe izatea iraingarria zela, Tourraren historiako zorte-kolperik handiena izan zuelako. Gainera, disimulurik gabe adierazten zuten nahiago zutela izen handiagoko karreristaren batek hartzea haren lekua. Liderrak, egia esan, ibilbide egokia izan zuen maillotari eusteko, zeren hurrengo etapetako asko laburrak ziren, eta mendate nagusiak helmugatik urrun zeuden. Edonola ere, mendiko etapa guztietan eskema bera errepikatu zen: Gaulek eta Bahamontesek, liderra ahultzeko asmoz, aurreneko mendatean bertan jotzen zuten erasoa, sekulako borroka pizten zuten eta beste arerio batzuk ere sartzen ziren tartean; Walkowiakek, atzean geratu arren, hortzak estutu eta ordu luzez sufritzen zuen, ahalik eta denbora gutxiena galdu ahal izateko. Etapa lauetan, selekziorik indartsuenek enboskadak antolatzen zituzten Walkowiak ezustean harrapatzeko, akitzeraino lan egin zezan. Eta, erlojupekoetan, zorabiatzeko puntuan zeharkatzen zuen helmuga, minutu-hemorragia ezin larriago hari amaiera eman nahian. Azkenean, segundo gutxi batzuei esker salbatu zuen Tourra: podiumean, berarekin batera izan ziren Bauvin, 1’25"era, eta Adriaenssens, 3’44"ra (biak sartu ziren Walkowiaken lehenbiziko ihesaldi hartan, baina ez bigarrenean), eta Bahamontes, faborito guztien artean aurrenekoa, laugarren geratu zen, 10’14"ra.

Inork ez zuen onartu Walkowiakek trebezia handia izan zuela faboritoen arteko markaketa bi aldiz aprobetxatzeko, eta maillotari eusteko bizi behar izan zuen sufrimendua ere kontuan hartzeko modukoa izan zen. Prentsak, besterik gabe, hirugarren mailako ziklista haren lorpena arbuiatu zuen, garaipen hark ez ziolako irudi onik ematen Tourraren palmaresari. Ondorioz, karrerista haren izena irainaren sinonimo gisa sartu zen txirrindularitzaren argotean: "Walkowiaken erako ihesaldia" ziklista apalen ihesaldia izaten da, faboritoen despistea aprobetxatuta zenbait minutu irabazten dituzten ziklistena; eta "Walkowiaken erako Tourra", berriz, izen handiko protagonistarik ez duen edozein edizio.

Tour hura korritu baino lehen, Walkowiakek zenbait garaipen eskuratu zituen, eta lasterketa politak egin ere bai. Txirrindulari ona izan zitekeen, baina Tourreko garaipenaren estigmak bere ibilbide osoa usteldu zuen eta bizitza izorratu zion. Walkowiak gazterik erretiratu zen, taberna bat jarri zuen bere hirian baina handik gutxira itxi behar izan zuen, kokoteraino zegoelako bezeroek Tourreko garaipenaren karanbolari buruzko mila galdera egiteaz; beraz, fabrika batean lana eskatu eta karrerista amateur gisa aritzeko lizentzia atera zuen, inguruko lasterketetan modu diskretuan korritu ahal izateko. Tourrak eragindako mespretxu mingarriegitik babestu, eta egundo ez zuen gehiago jendaurrean hitz egin, harik eta, berrogei urte geroago, malkoek gainezka egin zioten arte, kamera baten aurrean eta ahots goran aitortu zuenean hobe izango zela 1956ko Tourra sekula irabazi ez balu.