'Hondar ahoak' telesail berria aurki ETBn

'Hondar ahoak' telesail berria aurki ETBn Aste honetan bertan amaituko da Ondarroan "Hondar ahoak" fikziozko telesail berriaren grabaketa. Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako suspensezko miniserieak, thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak uztartuko ditu. 4 atal izango ditu guztira eta zuzendari eta gidoilaria Koldo Almandoz donostiarra izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hondar-ahoak-telesail-berria-laster-etbn/@@download/image/hondar_ahoak.jpg
2020/08/25

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Aste honetan bertan amaituko da Ondarroan "Hondar ahoak" fikziozko telesail berriaren grabaketa. Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako suspensezko miniserieak, thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak uztartuko ditu. 4 atal izango ditu guztira eta zuzendari eta gidoilaria Koldo Almandoz donostiarra izango da.
'Hondar ahoak' telesail berria aurki ETBn

Koldo Almandoz-en jarraitzaile sutsua naizela esatea gehiegi esatea litzateke, baina aitortzen dut bere lana gertutik jarraitzen dudala betidanik. 2009eko Ahate Pasa oso deigarria egin zitzaidan arren, 2012an Deus et Machina film labur bikaina estreinatu zuen unetik konkretuki. Euskal Herrian dagoen zinema zuzendari interesgarrienetarikoa dela iruditzen zait,  ziurrenik rara avis  horietako bat delako eta inongo korronte edo taldetan sartu gabe diharduelako agian. Albistea beraz, bi arrazoiengatik iruditu zait pozgarria: euskarazko telesaila delako eta gustuko dudan zinegile batek sortua.

Hondar ahoak fikzioak thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen dituen intrigazko istorio bat azalduko du. Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea (Nagore Aranburu aktoreak gorpuzten duen pertsonaia) ezer ez dela hasiera batean dirudiena. 

Telesail berri honen protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izango dira. Lehenak polizia-inspektorearen rola gorpuztuko du eta, bigarrenak aldiz, bere laguntzailearena. Aktore-zerrenda nagusia Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute. Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen parte hartzea ere.

Lantalde teknikoan ere  Almandozen ohiko kolaboratzaileak topatuko ditugu, esaterako, Javier Agirre argazki zuzendaria eta Alazne Ameztoy zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Zaloa Ziluaga izan da, ekoizpenaren ardura Marian Fernandezek izan du eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da. Errodajean parte hartu duen ekipoa Ondarroan hasi zen lanean uztailaren hasieran, abuztuan grabaketarekin hasteko. Datorren ostiralean, hilaren 28an, amaituko dira bertako lan guztiak.