Hontza zuhaitzean kamuflatuta

Hontza zuhaitzean kamuflatuta Kamuflatzeko gaitasun handia izaten dute hontzek eta, horri esker, harrapakinek zein natur argazkilariek zailtasun handiak izaten dituzte eurak begiztatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hontza-zuhaitz-enborraren-azalaren-itxura-hartuta/@@download/image/hontza zuhaitzean.png
2021/08/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kamuflatzeko gaitasun handia izaten dute hontzek eta, horri esker, harrapakinek zein natur argazkilariek zailtasun handiak izaten dituzte eurak begiztatzeko.
Hontza zuhaitzean kamuflatuta

Hontzek inguruarekin mimetizatzeko duten joera dela eta, ez da erraza izaten euren argazkiak ateratzea. Argazkilariek denbora luzez ibili behar izaten dute basoetan zelatan, kamera edozein unetan erabiltzeko prest, halako batean hegaztia begi-bistan agertuta ere. 

Horixe da, hain zuzen ere, James S. Batuigas argazkizaleari gertatu zitzaiona. Kanadako baso batean hontz gris handi baten bila zebilela, zuhaitzaren enborraren azalaren itxurarekin erabat bat egina zegoen batekin egin zuen topo. "Baso arteko bidean gidatzen ari nintzela, zuhaitz guztiei begira nindoan, goitik behera, eguerdi aldera baten bat aurkitzeko asmoz, garai horretan hartzen baitute atseden. Bat-batean, begi-ertzetik, zuhaitzaren enborrean zerbait mugitzen ari zela ikusi nuen eta orduan jabetu nintzen enbor-azalarekin mimetizatutako hontza zela". Izan ere, hain ondo kamuflatua zegoen animalia, kolore eta lumen itxuran, ezen argazkilariak ez baitzuen ikusiko hegaztiak burua bihurtu ez balu. 

Erretratatutako espeziea hontz gris handia da, Strix nebulosa deiturikoa, munduko hontz motarik handiena luzeran, 84 zentimetroko neurria izan dezakeena. Ipar hemisferioan bizi da eta aurpegi azpiko lepoko zuria da bere ezaugarri bereizgarria.