'Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea' jardunaldiak Errenterian

'Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea' jardunaldiak Errenterian Ezagutza libre eta berdinzaleaz, eta teknologia eta sorkuntzaz hausnartuko dute jardunaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/humanitate-digitalak-generoa-eta-artea-jardunaldiak-errenterian/@@download/image/irudia jardunaldia.png
2021/09/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ezagutza libre eta berdinzaleaz, eta teknologia eta sorkuntzaz hausnartuko dute jardunaldian.
'Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea' jardunaldiak Errenterian

UEUk antolatuta, Humanitate Digitalak, Generoa eta Artea jardunaldia egingo da Errenteriako Lekuona Fabrikan urriaren 16an. Euskal Wikilarien Elkarteak bultzatutako WikiEmakumeok ekimena eta Emartistak proiektua ere antolakuntzaren parte dira. 

Humanitate digitalen eta teknologia berrien inguruko hausnarketa sustatu nahi dute jardunaldian, solasaldien bitartez ideiak partekatzeko tartea sortuz. Horretarako, alor horretan garatzen ari diren euskal proiektu eta sortzaileak gizartearekin lotuko dituzte. Honako galdera hauen inguruan hausnartuko dute, besteak beste: Zein eragin dute Wikipediak eta Wikimediak euskal artisten jendarteratze prozesuetan? Zer aukera eskaintzen dituzte tresna horiek genero berdintasunean oinarritutako artearen historia garatze aldera? Zer nolako erronkei egiten diegu aurre artisten gordailuak sortzean? Nola baliatzen dituzte teknologia berriak artistek beraien sorkuntza-lan eta prozesuetan?

Urriaren 16an, larunbata, sarean lanean dabiltzan zenbait ekimenetako kideekin eta teknologia abiapuntu duten artistekin elkartuko dira bi ildo nagusiren inguruan: ezagutza libre berdinzalea, eta teknologia eta sorkuntza. 

Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta ezagutza libre eta berdinzalearen inguruko aurkezpena egingo dute WikiEmakumeok ekimeneko Marisa Barrenak, Emartistak-eko Marina Arranz eta Maite Luengok, eta Topategia-ko Nerea de Diegok. Jarraian, elkarren arteko solasaldia eta galderen tartea izango da. Atsedenaren ondoren, teknologia eta sorkuntzari buruz arituko dira Jugatx Astorkia, Onintza Etxebeste eta Oihane Iraguen. Ordu biak aldera amaituko dute jarduna.

Interesa duenak, izena eman behar du gonbidapena eskuratzeko.