Iban Urizar: "Amorante psikologoa baino merkeagoa iruditzen zait"

Iban Urizar: "Amorante psikologoa baino merkeagoa iruditzen zait" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
Iban Urizar: "Amorante psikologoa baino merkeagoa iruditzen zait"
Iban Urizar (Elgoibar, 1975) maila goreneko musikaria da. Inprobisazioaren zale
amorratua, hamaika talde zein bakarlariekin kolaboratu du. Ibilbide luzea egin duen arren, lotsa puntu batekin aitortzen du alter egoen atzean erosoago oholtzeratzen dela bakarka. Horietan azkena Amorante da. Musikan hogei urte eman ondoren, hau da bere lehenengo elkarrizketa pertsonala.


Nola piztu zitzaizun musikarako grina?
Bederatzi urterekin hasi nintzen musika eskolan tronpeta jotzen, eta institutu garaia heldu zitzaidanean, Donostiara mugitu nintzen bertan ikasketa guztiak burutzeko. Egia esan, ez dakit zergatik aukeratu nuen instrumentu hori. Solfeo irakaslea tronpeta irakaslea zenez, baliteke bere zaletasuna kutsatu izana. Gauzak zer diren, inoiz ez zaude ziur hautuek nora eramango zaituzten, eta begira non nagoen.

Zenbat instrumentu jotzen dituzu?
Eskuetan erortzen zaizkidanak jotzen saiatzen naiz. Horrek ez du esan nahi guztiak ondo jotzen ditudanik. Ongi jotzen dudana tronpeta da, baina saltseatu beste hamaikarekin: klarinetea, saxofoia, pianoa, gitarra…

Hamasei urte zenituela hasi zinen aurrenekoz musika talde batean jotzen.
Bai, Zokoan izeneko Elgoibarko talde batean. Ondoren, Zarauzko Frijoles taldean ibili nintzen, lagunak nituelako. Eta hurrengoa, han ere lagunak nituelako, Café Teatro izan zen.

Café Teatro izan da, agian, lehenengoetatik ezagunena.
Bai, 1995 inguruan izango zen hori. Ni taldean sartu nintzenerako taldea osatuta zegoen. Kolaborazio batekin hasi behar zuena egonkortuz joan zen. Kanta batzuetarako frogak egin genituen, beraiek gustura zeuden, ni ere bai, eta horrela hasi zen dena. Hamar bat urtetako ibilbidea egin genuen batera. Eurek maketa eginda zeukaten aurretik, eta elkarrekin hiru bat disko egin genituen.

Café Teatrorekin ari zinen bitartean Mengele Quartet taldearekin ere hasi zinen.
Egin dudan musika beti nahiko underground-a izan denez, lagunak eta ezagunak tarteko, zirkuitua txikia da, eta batekin zein bestearekin elkartzen naiz atsegin dudan hori egiteko. Mengele Quartet Joseba Irazoki, Mikel Iturria, Mikel Etxegarai eta laurok ginen. Inprobisazio askea egiten genuen, free jazz estiloaren bueltan ginen. Ez genituen bolo asko egin, baina grabaketa bat egin genuen, eta handik hiru cd atera ziren: Mongolo I, Mongolo II eta Mongolo III.

90eko hamarkada amaieratik musika esperimentalean erabat murgilduta zaude. Garai horretan kokatzen da Bizarra.
Bizarra Mikel Etxegaraik eta biok bikotean genuen proiektua zen. Gauza asko probatu genituen, esperimentatzeko aukera handia eman zigun. Inoiz ez naiz sentitu musika estilo batera lotuta, erosoago sentitzen naiz inprobisatzen zerbait errepikakorra egiten baino. Musikan norberaren motxilak eratzen du diskurtso bat, are gehiago inprobisazioan. Ezagun eta ezezagunen artean egotea bezalakoa da: bi kasuetan ez duzu diskurtsoa modu berean eraikitzen. Batzutan saiatzen zara zure diskurtsoa inposatzen, beste batzutan gehiago txokoratzen zara. Inprobisazioak norbera nolakoa den oso ondo islatzen du.

Bizarran zenbiltzan garaian, esperimentaziotik at dagoen musika jo zenuen, esate baterako, Andrakan taldean. Hori izan zen gitarra hartu eta abestera animatu zintuen taldea?
Beti gustatu izan zait abestiak konposatu eta kantatzea, nahiz eta hori ez izan nire gaitasunik finena. Otu zitzaidan, batez ere, herrian nituen lagunekin talde bat osatzea. Halaxe hasi zen Andrakan. Hiru bat urte iraun zituen, zazpi kantako grabazio bat egin genuen 2010ean eta kontzertu batzuk ere eman genituen. 

Andrakanen kanturik gehienak ingelesez dira.
Bai, eta hori izan zen agian nire hanka-sartzerik handiena. Urteak igarota atzera begiratzen dudanean, iruditzen zait ez zela hautu zuzena izan ingelesez kantatzearena. Gaur egun anglofiloak ez diren taldeak ingelesez kantatzen entzuten ditudanean, imajinatu dezaket zer sentitu dezakeen ondo hitz egiten duenak hori entzunda.

Paraleloki, hogei urte daramatzazu Patxi Zabaletarekin Sinuose egitasmoa aurrera eramaten.
Hori da inoiz izan dudan proiekturik finkoena. Oso proiektu berezia da, hasieratik orain arte. Inauteri batzuetan hasi ginen, urtean kontzertu bat emateko intentzioarekin. Mozorrotu eta set bat antolatzen genuen, urtero ezberdina, inprobisazio batzutatik ideiak hartuta, gai diferenteetan ardaztuta eta instalazio ezberdinak bilatuta. Adibidez, zinema mutua edo irratsaio musikatuak hartu ditugu oinarri. Azken finean, guri gustatzen zaigun musika horretaz mozorrotzea bezala da, aitzakia bat, saski-naski bat nahi dugun guztia egiteko.

Baina Sinuose ez da soilik urtean behin egiten den zerbait. Elkartea ere bazarete.
Paraleloki hasi ginen Elgoibarren beste talde batzuen kontzertuak antolatzen. Kontzertu horiek ez dira tematika baten markoan sartzen, gure ezinegonaren araberakoa da. Gustatzen zitzaizkigun taldeak ekartzen hasi ginen; gehienbat izaera esperimentala duten taldeak dira arreta eman digutenak.

Pantailarako musika ere egin duzu, esate baterako, Lander Garrorekin elkarlanean.
Bi urte eman nituen Bartzelonan, musikologia doktoretza egiten, eta bertan ezagutu nuen Lander. Oso harreman ona egin genuen, musikaren inguruan asko solasten ginen. Euskal Herrira bueltan bere film labur batentzat musika egitea proposatu zidan. Horren ondoren, spot batzuk ere egin ditugu elkarrekin, eta aurtengo Bertsomovie lehiaketa irabazi dugu Maddalen Arzallusek, Landerrek eta hirurok. Oso konplizeak izan gara ibilbidean.

Hitz egin dezagun zure alter egoez: Mitango.
Oso jende gutxik daukan grabaketa fantasma bat da. Arrasateko estudio batean grabatu nuen hiru sesiotan. Pieza batzuk egin nituen inprobisaziotik tiraka. Beti izan ditut alter egoak, inoiz ez dut nire izenean ezer jarri.

Moldaketen gizona zara, itzalean kokatzen dena.
Bai, nire burua beti hor kokatu izan dut. Rafa Ruedarekin jo dut, Tapia, We Are Standard edota Napoka Iriarekin… Musikari bezala jende pila batekin lan egin dut. Adibidez, Xabier Erkizia duela hogei urtetatik ezagutzen dut, eta elkarrekin jotzen daramagu beste hainbeste denbora. Baina nahiko biolento sentitu izan naiz talde baten buru izan naizenean, eta orain ere, proiektu bat nik bakarrik defendatu behar izateak are biolentoago sentiarazten nau. 

Horrela bada, ederrean sartu zara orain Amorante izanda.
Bai, Amorante psikologoa baino merkeagoa iruditzen zait, kar, kar, kar. Andrakanen errautsetatik sortu da Amorante. Andrakanen nik konposatzen nituen abestiak, eta gero, denon artean janzten genituen. Bazeuden kanta batzuk taldean lekurik ez zutenak, eta hor geratu ziren. Ni bakarrik eszenatokira igotzeko ditudan konplexuei aurre egiteko sortu dut Amorante.

Kostatu zitzaizun Amorante izateko adorea biltzea?
Katarsi bat bezala ikusten dut. Hasieran kantak grabatu beste asmorik ez nuen, baina gero planteatu nuen taldean zuzenekora eramatea. Bitartean, Matadeixetik idatzi zidaten Bizarrak proiektua martxan ote genuen jakiteko, Maite Mursegorekin bolo bat egiteko. Momentu hartan geldituta genuen, eta nire buruari esan nion: "Zer arraio, bakarrik egingo dut". Amorante eskaini nien, baietz esan zidaten, eta atzera bueltarik egiteko aukerarik ez neukanez, lehenengo boloa egin nuen.

Hasierako beldur horren ostean zer dago?
Hamar bat kontzertu egin ditut dagoeneko eta emaitzarekin pozik nago. Are gusturago geratzen naiz jendearen harrera ona izan dela ikusita.

Amorantek diskoa grabatuko du?
Bai, diskoa egongo da. Noiz? Ez dakit. Nola? Ez dakit. Kontua da orain ez dudala tarterik serioski hortan jartzeko.