Ibil Bedi, Hofe x4:40 eta Anariren kontzertuak izango dira Nafarroako Kultur programaren barruan
Ibil Bedik Altsasun joko du gaur.
Nafarroan garatzen ari da Kultur programaren 29. edizioa , ekainaren 21ean hasi eta irailaren 28an amaituko dena. Musika eta dantza emanaldiak izango dira hilabete honetako agendan. Tartean, euskal musikaz gozatzeko aukera izango da asteburu honetan.
Ibil Bedi talde nafarrak Altsasuko Foru plazan joko du gaur, 21:00etatik aurrera. Taldeak 2019an kaleratu zuen lehen diskoa Berandu baina garaiz, eta 2021ean bigarrena, Beltxarga Beltza, konfinamenduan sortutako eta grabatutako hamaika abesti biltzen dituena. Iaz plazaratu zuen Goldea, hamar kantuz osatutako diskoa.
Hofe x4:40 entzuteko aukera izango da Tuteran bihar, Alfontso plazan, 20:30 aurrera. Amorrua azken laneko kantuak interpretatuko dituzte besteak beste. Lan honetako kantuek amorru kolpea izandakoan igarotako egoerak islatzen dituzte, eta sentipen hori igarotakoan maitasuna edo baretasuna iristen dela.
Azkenik, igandean, Anarik Giza Zarata azken diskoko kantuak aurkeztuko ditu Leitzako enparantzan, 20:00etatik aurrera. Raymond Carver idazlearen gogoeta batetik abiatuta, hamar kantuko lana osatu du azkoitiarrak.