Idazketa tailerra egingo dute Iruñean, Mikel Ayllon eta Oier Guillanekin

Idazketa tailerra egingo dute Iruñean, Mikel Ayllon eta Oier Guillanekin Jendaurrean errezitatzeko testuak nola idatzi eta hitzei ahotsa eta gorputza nola eman ikasiko dute parte-hartzaileek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/idazketa-tailerra-egingo-dute-irunean-mikel-ayllon-eta-oier-guillanekin/@@download/image/Hitzen Mintegia web_0.png
2024/09/13
Jendaurrean errezitatzeko testuak nola idatzi eta hitzei ahotsa eta gorputza nola eman ikasiko dute parte-hartzaileek.
Idazketa tailerra egingo dute Iruñean, Mikel Ayllon eta Oier Guillanekin

Euskal Idazleen Elkarteak jendaurrean irakurtzeko testuak idazteko tailerra antolatu du Iruñean. Hitzen Mintegia 2024 izeneko ikastaroaren helburu nagusia egile berriei euskarazko literatura sortzeko baliabideak eskaintzea da, eta baita idazleek elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egitea ere. 

Literaturarekin jolastu eta testuak argitaratzeko beste modu bat landuko dute saioetan, kontatu edo errezitatutakoak publikoaren belarrietara bidea egin dezan. Kondestablen izango dira saioak, irailaren 28an, urriaren 5ean eta 19an, 10:00etatik 13:30era. Hamasei urtetik gorako euskaldunentzat da ikastaroa.

Lehenengo saioan, irailaren 28an, Oier Guillan dramaturgo, idazle eta kazetariak jendaurrean errezitatzeko testuak nola idatzi azalduko du. Astebete geroago, urriaren 5ean, irakurketa saioa egingo dute Mikel Ayllon dramaturgo, idazle, itzultzaile eta Arte Garaikideko doktoregaiarekin. Hitzei ahotsa eta gorputza emateko jarraibideak emango dira. Azkenik, urriaren 19an, Mikel Ayllonek eta Igor Arzuaga musikariak saio bat egingo dute ikasitakoa praktikan jartzeko. Azken saio horrek bi zati izango ditu: entsegua, 10:00etan, eta zuzeneko emanaldia jendaurrean, 12:30ean, Kondestablen bertan. 

Doakoa da tailerra eta 948 420 100 telefono zenbakira deituta eman behar da izena. Hamabost lagunentzako lekua izango da.