Iheskortasunaren diktadura

Bizitza modernoa estimuluz gainezka dago. Horrenbeste, ezen gelditu eta benetan axola duenaz, une batez bada ere, pentsatzea eragozten digun.

Kontzertu batera joan. Argazki bat egin. Sareetan partekatu. Spotify-ren gomendioak begiratu gure arreta mereziko duen hurrengo artista berria zein ote den jakiteko. Gero, ordea, single-ak bakarrik entzun eta ez arreta osoz horiek ere. Izan ere, abesti hori amaitutakoan entzungo duzunaz pentsatzen aritu ohi zara. Eta horrela beste guztiarekin ere.
Honela sentitu al zara noiz edo noiz? Bada, FOMO Fear Of Missing Out edo zerbait galtzeko beldurra) izenez ezagutzen den sindromea pairatzeko arriskuan egon zintezke. Gure mundu garaikide eta aldrebes honen klasiko bat da jada. Pandemia hasi zenean, gizartearen erritmoa apur bat jaitsiko zela zirudien, baina orain sekula baino abiada biziagoan ari da biratzen. Itxialdiarekin eta murrizketekin lozorroan egon diren estimuluak biderkatu egin direla dirudi eta, horiekin, baita gure estres-maila ere.
Izan ere, etengabeko estimuluei men egin eta sarera denbora luzez konektatuak egoteak jokabide arazoak sor ditzake, FOMO entzutetsuaren sindromea pairatzeko arriskuak biderkatuz. Sindrome hau sufritzen duena mugikorrera, edo Internet konexioa duen edozein gailura, katigatua dago. Iruzkinen bat galduko duen beldur da, baita haren edo bestearen Instagram ala TikTok argitalpen bat ez ikusteko ere, edo Twitter-eko azken Trending Topic-aren berri berehalakoan ez izateko.
Sare sozialetan jarraitzen dituen guztien berri izateko beharra sentitzen du, besteen bizitzak behatzeko guraria, eta besteek berari like-ak ala mezuak utzi dizkioten begiratzeko ohitura. Uste du, gainera, iruzkin eta mezuak berehala erantzuten ez baditu, gauza garrantzitsuak galduko dituela eta elkarrizketatik at geratuko dela. Ideia honek herstura sortzen dio, eta, horregatik, gutxitan deskonektatzen da, eta beti izaten du mugikorra gertu, besoa luzatu eta ahalegin handirik egin gabe heltzeko moduan. Izan ere, FOMO sindromea eta nomofobia (mugikorra eskura ez edukitzearen sindromea) estuki lotuta daude.

FOMOren sintomak
FOMOren sintomen artean deigarriena mamu-alertarena da. Mugikorrak soinuren bat egin duen irudipena du gaixoak. Subjektua ohartzen denean gailuak ez duela benetan soinurik igorri, desilusioaren sentimenduan harrapatuta geratzen da.
Mezu edo iruzkinen bat berehalakoan ez erantzuteak sortzen duen antsietatea ere hor dago. Mezu horrek erantzunik behar ez baldin badu ere, subjektuak antsietate bera sentitzen du erantzun gabeko mezua ikustean.
Beste sintoma nagusia, subjektuak sare sozialetan igarotzen duen gehiegizko denbora da. Etenik gabe, esaten edo egiten duena partekatzen egon beharra ere deigarria da. Horretarako argazkiak ateratzen ditu, bideoak grabatu… eta momentuaz gozatzeaz ahazten da. Hain da horrela, ezen familiarekin batzean, oporretan, kontzertuetan edo lanorduetan pantailari begira egoten baita denborarik gehiena, jakinarazpenak kontsultatzen, bideoak grabatzen eta selfie-ak ateratzen.
Orain artekoa irakurri ondoren FOMO pairatzen duzula uste al duzu? Ziurtatzeko zure buruari galdera hau egin behar diozu: Horrelako jokabideak noizean behingoak al dira nigan ala goizetik gauera bitarte etengabe egiten ditut?

"FOMO sindromeak antsietatea eta depresioa eragiteaz gain, autoestima arazoak eta frustrazioak areagotu ditzake. Horregatik, egin beharreko lehen gauza, jokabide hau garatzea eragin duten arazoei aurre egitea da”

Gainera, jokabide hauengatik ingurukoen kexak jasotzen badituzu, telefonoa uzteko eskatuz, FOMOa duzu. Kexa horiek jaso ostean umore txar sentsazioarekin geratzen bazara, eta nahiago baduzu bakarrik geratu mugikorrean zerbait galdu baino, orduan bai, ziur-ziur FOMO sindromea pairatzen ari zara, eta kontuz, isolamendua sortzen baitu.
Azken ikerketa batek erakutsi du sindrome hau dutenen gehiengoa gazteak direla, eurak baitira taldean onartuak sentitzeko behar gehiena dutenak, sare sozialetan ikusten dituzten euren bizitza antzekoekin edo hobeekin lehiatuz maiz.
Izan ere, FOMOk distortsio kognitiboa sortzen du eta sindromea pairatzen duenak ez du errealitatea behar bezala hautematen, ikuspegi kritikoa desagertu egiten baitzaio, fikzioa zein jazoera erlatiboak testuinguruan jartzea eragotziz, eta pantailan ikusten duena errealitate absolututzat hartuz.

Alta, gazteek FOMO pairatzeko arrisku gehiago badute ere, autoestimu ahuleko edozein adineko pertsonak sufri lezake. Pertsona hauek dependentziazko harremanak mantentzeko joera izan ohi dute. ‘Atsegin dut’ asko jaso beharra sentitzen dute, laudorioak, eta norberari buruzko iruzkin baikorrak. Bizi duten, eta gustura ez dauden, errealitatetik ihes egiteko baliatzen dituzte sare sozialak.
FOMO sindromeak antsietatea eta depresioa eragiteaz gain, autoestima arazoak eta frustrazioak areagotu ditzake. Horregatik, egin beharreko lehen gauza, jokabide hau garatzea eragin duten arazoei aurre egitea da. Sare sozialak alboratu edo mugikorra zaborretara botatzea ez da irtenbidea. Nahi ala ez, sare sozialak gure bizitzaren zati dira jada eta lanagatik bada ere, gehiengook bertan egon beharra dugu.
Beharrezkoa da, beraz, mugikorraren erabilera ohiturak aldatzea eta jokabide egokiak txertatzea, neurritsuagoak izan gaitezen eta sare sozialen kudeaketa modu arrazionalagoan burutu dezagun, gure autoestimua zaindu eta bi munduen arteko oreka bilatzen saiatuz. Zure kabuz deskonektatzeko gai ez bazara, onena laguntza profesionala eskatzea da, psikologoak emango baitizkizu arazoa gainditzeko beharrezko tresnak.

"FOMO pairatzen duzula uste al duzu? Ziurtatzeko zure buruari galdera hau egin behar diozu: Horrelako jokabideak noizean behingoak al dira nigan ala goizetik gauera bitarte etengabe egiten ditut?”

Denboraren beharra
Esatea errazagoa da, ordea. Daramagun bizi erritmo honetan ez dago denborarik musika entzuteko, eta zer esanik ez disko osoak. Doi-doi dugu denbora albiste baten titularra eta hasierako sarreratxoa irakurtzeko. Norbaitek zerbait sare sozialetan partekatu bezain pronto, gure iruzkina egiteko desiatzen gaude, partekatu duena osorik irakurri aurretik. Azkar, ez dezala norbaitek zure ideia bera zure aurretik jarri! Bulkadaka bizi gara.
Hori dela eta, jada algoritmoek esaten digute zer entzun genezakeen gure gustuetan oinarrituta. Lagun edo aditu baten irizpideei baino jaramon gehiago egiten diegu. Argi dago, algoritmoak logika batekin gomendatzen dizkigula gomendatzen dizkigunak, baina gomendio horiek ñabardurak falta dituzte, pertsonek igortzen duten sentsibilitatea, hain justu. Itzultzaile automatikoen antzera, beren logika mekanizatuan sekulako astakeriak egiten dituzte maiz, ez baitute editore bat atzetik, egiten dutena errepasatu eta erabiltzaileak jakin nahi duenera doitzeko. Hizkuntzaren liberazio honetan, egunkarietako testuen editore eta zuzentzaileak ere galtzear dauden espeziea dira, Whatsapp mezu bat bailiran idazten baitira testuak. Ez dago denborarik beste ezertarako. Nahita ala nahi gabe, ez diegu gauzei behar duten denbora eskaintzen.
Ni neu, batzuetan, disko oso bat lasai entzuteko beta dudanean harritu egiten naiz, eta zer esanik ez hasieratik bukaerara, inongo etenaldirik gabe, entzuteko denbora izaten dudanetan! Batzuetan pare bat disko entzutera ere iritsi izan naiz! Harrigarria, ezta? Zentzugabekeria da musikaz horrela gozatu behar izatea. Telesail eta pelikulekin ere gauza bera gertatzen da, aldizkako etenaldi boluntario (ala ez boluntario) etengabeak egiten ditugu, eta lehen iragarkiengatik kexatzen ginen! Gai zara film bat hasieratik bukaerara mugikorra kontsultatu gabe ikusteko? Lo ere gutxi eta gaizki egiten dugu, etenaldiekin, kontsumitzen dugun guztia bezala.
Eta beharrik ez dagoenean ere, gure garuna dibagazioetan galtzen da, pentsatuz zein disko aukeratuko dugun apalategitik edo Babel erraldoi bat den Spotify-tik. Azken hau bere bildumara diskoak eta abestiak gehitzen joan ahala, guk gure baitan antsietate handiagoa biltzen dugu. Zer aukeratu, sofatik altxatu ere egin gabe, mapan ere kokatzen ez dakizun herrialde ezkutuenetako musika eskura duzunean?
Apirileko abesti onenen zerrenda entzuten hasi eta ia begiak kliskatu ere egin gabe maiatzean gaude. Jada ez diogu tartetxo bat ere eskaintzen orain dela bi edo hiru aste horren kitzikagarria iruditu zitzaigun diskoari. Eta zer esanik ez orain dela pare bat hilabetekoei, Erdi Arokoak iruditzen zaizkigu. Eta musikari koitaduak bere disko berria urtearen lehenengo hilabeteetan argitaratzea erabakitzen badu, kostatuko zaio urteko onenen zerrendan azaltzea, baldin eta eztabaida ezinezko maisulana argitaratzen ez badu! Musika kritikariak bera existitzen denik ere ez dira oroituko urte amaierarako.

"Alta, estimuluen gaindosi etengabean bizi gara –aplikazioak, sare sozialak, kontsumo ondasunak…– eta bitartean, behar ditugula uste dugun, baina benetan behar ez ditugun, gauzen zerrenda haziz eta
haziz doa”


Sakontasun falta
Gaurko albistea, biharko oinburua besterik ez da izango. Astebetean ez gara gogoratu ere egingo. Gaurko egunkarien azaleko gaia oroitzapen lauso bat besterik ez da izango laster. Denetarik ari da gertatzen eta leku guztietan. Ez gara, ordea, gertakariak gutxieneko pazientziaz aztertzen saiatzen: zergatik gertatzen den, zein diren bere aurrekariak, zein izan litezkeen ondorioak, nola kokatu testuinguruan… Gauzak ulertzeko ez dago marko orokor bat, agortu egiten ditugulako. Pospoloak bezala kontsumitzen dira, segundo gutxitan.
Bizitza kamioi bat bailitzan igarotzen zaigu gainetik. Zenbat eta urte gehiago batu, orduan eta gehiago ohartu ohi gara horretaz. Sekula baino azkarrago pasatzen dira egunak, asteak, eta urteak iheskortasunaren diktaduran. Pandemiarekin, gainera, sentsazio hau indartu besterik ez da egin.
Konfinamendua gauzak lasaitasunez hartzeko erabiltzearen ideiak gutxi iraun zigun. Orain, berriz ere, dena da presa, galdutako denbora hura profitatzeko eta azken tantaraino zukutzeko beharra balego legez. Ez gara konturatzen, ordea, egunerokotasunaren zurrunbiloan, bizitza hatz tarteetatik labaintzen ari zaigula, gure osasun mentala narriatuz.
Oxala benetan axola duen horretan fokua jartzen jakingo bagenu! Emozionatzen gaituen musika, negarra eragiten digun filmea, laguntasuna, familia, bikotea… Alta, estimuluen gaindosi etengabean bizi gara –aplikazioak, sare sozialak, kontsumo ondasunak…– eta bitartean, behar ditugula uste dugun, baina benetan behar ez ditugun, gauzen zerrenda haziz eta haziz doa.
Gai batean sakontzeko, eta benetan gozatzeko, denbora asko behar da, ordea, eta horretarako, denbora galtzeko pribilegioa ezinbestekoa da. Denbora galtzeko aukerarik gabe ez gara sekula horretaz ohartuko… ez behintzat –kasurik onenean– mugikorra alboratu, eta beranduegi izan arte.