IkerGazte 2017 kongresua maiatzaren 10etik 12ra
2015eko Durangoko lehen ekitaldiaren ostean, programa oparoarekin eta, betiere, diziplina zientifiko guztietako euskal ikerlari gazteen jarduna hauspotzeko asmoz dator IkerGazte 2017. Maiatzaren 10etik 12ra bitarte izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeako campusean.
HITZALDI NAGUSIAK
Programaren ardatz izango diren hitzorduen artean, ondorengoak dira bereziki aipagarri:
- Maiatzak 10. Laurence Tresse, Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria: ‘A Journey into the World of Galaxies’.
- Maiatzak 10. Jose Ramon Etxebarria, UPV/EHUko irakaslea: ‘Katedralaren eraikuntza’.
- Maiatzak 11. Arkaitz Carracedo, CIC BioGUNEko Onkologia Molekularra ikerketa taldeko burua: ‘Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzi’.
- Maiatzak 12. Elin Haf Gruffydd Jones ikus-entzunezko komunikazioan aditua, euskal hiztuna.
GAZTEEN EKARPENA
Ikertzaile gazteei dagokionez, asko eta askotarikoak izango dira ahozko aurkezpenak nahiz posterrak, baina guztien artean hauexek dira azpimarragarriak:
- «Erdaraz, mesedez»: Autoitzulpen literarioa Euskal Herrian, ikuspegi orokor bat. Garazi Arrula Ruiz.
- Hilekoaren antropologiara hurbilketa: gorputz eta odolaren arau eta politikak. Miren Guilló Arakistain.
- Sare sozialen erabilera moduak eta maiztasunak Gasteizko nerabeen kolektiboaren baitan. Joseba Fernandez de Landa.
- Emakumearen irudia euskal haur literatura modernoan. 1980ko hamarkadako eta gaur egungo egoera. Eneko Fernandez.
- Gazteen jarrera ikus-entzunezko edukiekin, nola telebistan hala Interneten. Idoia Astigarraga, Amaia Pavón-Arrizabalaga and Aitor Zuberogoitia.
- Kutsadura urbanoaren eta ur-eskasiaren arteko elkarreragina erreken funtzionamenduan. Olatz Pereda, Daniel von Schiler, Vicenç Acuña, Jordi René Mor, Isabel Muñoz, Sergi Sabater and Arturo Elosegi.
- Ingurune aberastua: nerabezaroan alkoholarekin trataturiko C57BL6 saguen terapia eraginkorra? Irantzu Rico-Barrio, Sara Peñasco, Nagore Puente, Leire Reguero, Jon Egaña-Huguet, Ianire Buceta, Paula Torres-Maldonado, Inma Gerrikagoitia, Izaskun Elezgarai and Pedro Grandes.
- Osasun-zientzietako terminologiaren euskaratze automatikoaren ebaluazioa, osasungintzako euskal komunitatea inplikatuz. Olatz Perez-De-Viñaspre and Maite Oronoz Anchordoqui.
EZTABAIDA ERAIKITZAILEAK
Ohiko legez, mahai-inguruak ere egingo dituzte. Esate baterako, asteazkenean –maiatzak 10– ‘Ikerketa eta politika. Politika eta ikerketa’ izango dira hizpide Josu Amezaga UPV/EHU-ko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasle-ikertzaile eta NOR ikerketa taldeko koordinatzailearen gidaritzapean.
Ostegunean, bestalde, –maiatzak 11–, ‘Euskarazko aldizkari zientifikoen etorkizuna’ eztabaidatuko dute. Xabier Isasi UPV/EHU-ko irakasle eta ikertzailea, UEUko zuzendari ohia, ariko da gidari; eta Belen Uranga (Bat), Asier Vallejo (Ekaia), Aitziber Agirre (Elhuyar), Karlos del Olmo (Senez) eta Gidor Bilbao (Uztaro) adituek hartuko dute parte.
Iruñea eta Nafarroako hainbat elkarterekin IkerGazte 2017 kongresu honen karietara hainbat saio osagarri antolatu dituzte baita ere. Horien berri eta jardunaldien programazio osoa zehatz-mehatz UEUren webgunean kontsulta daiteke.
Eta azken detaile bat! Ez horregatik arinagoa...: IkerGazte 2017ra hurbiltzen diren guztiek maiatzeko GAZTEZULO zenbaki berria jasoko dute doan!!